2009an jarri zen abian Mondragon Unibertsitatearen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua (LEINN), eta gaur egun 1.000 gazte ekintzaile baino gehiago ditu. Ordutik Europara, Asiara eta Amerikara hedatu da Mondragon Team Academy. MTA sareak tokian tokiko bazkideekin elkarlanean sortutako ekintzailetza-laborategien bidez dihardu.
Hiru programa eskaintzen dituzte, LEINN, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua; MINN, Intraekintzailetza eta Berrikuntza Irekiko Nazioarteko Masterra; eta TEAMINN programa.
Mondragon Team Academytik jakinarazi dutenez, LEINN graduaren emaitzak onak lan munduan islatzen dira: "Gradudunen % 94,7 lanean dago, % 36k bere negozioa sortu du; % 32 intraekintzailetzan dabil erakunde eta enpresetan". Horretaz gain, azpimarratu nahi izan dute, LEINNen graduaturiko lehen 5 promozioetako ekintzaileek orain arte 22 enpresa sortu dituzte, proiektu ekintzaile berriekin. Horietan, 100 lagun daude zuzenean inplikatuta.
MTAren 10. urteurrena
Maiatzaren 11n LEINN gradudunen bosgarren belaunaldiaren titulu-banaketa egin zuten. Irun, Oñati, Madril eta Bilboko laborategietako gradudunek Bilboko ekitaldian jaso zuten titulua. Horretaz gain, maiatzaren 21eko astean, hainbat ekitaldi egingo dituzte, horien artean, TeamTalks enpresa-ekitaldia, Bilboko Azkuna Zentroan.