Euskarazko Internet Eguna ospatuko dute gaur hirugarrenez

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mai. 17a, 08:25

Maiatzaren 17a da Interneten Nazioarteko Eguna, eta azken hiru urteetan PuntuEus Fundazioak komunitatearekin batera, Euskarazko Internet Eguna ospatzeko aprobetxatzen du data seinalatua. Zein da euskararen egoera Interneten?

Iazko Euskarazko Internet Egunean aurkeztu zen Lehen Hitza egitasmoa. Ekimen honekin nabigatzailea euskaraz izatearen garrantziaz ohartarazi nahi izan zuten pasa den urtean. Iazko datuen arabera, euskaldunen %10ak dauka soilik nabigatzailea euskaraz.

Baina zertan eragiten du nabigatzailea euskaraz ez izateak? Adibidez, webgunea hizkuntza ezberdinetan eskaintzen duten gehienek, erabiltzailearen nabigatzailearen hizkuntza lehenesten dute. Hau da, nabigatzailea gaztelaniaz duen erabiltzaile bat, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak dituen webgune batean sartzen denean, gaztelaniazko bertsioa ikusiko du lehenik.  

Euskara "osasuntsu" sarean

2016an Eusko Jaurlaritzak euskararen egoera digitalaren irakurketa baikorra egin zuen. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, munduko hizkuntzen %5a besterik ez da erabiltzen Interneten, eta horietako bat da euskara. Horri lotuta, 2016an sareko nabigazio hizkuntzen artean 44. tokian kokatzen zen euskara. Sare sozialei dagokienez ere datu baikorrak eman zituzten:

  • Twitterreko lehenengo 33 hizkuntzen artean dago euskara.
  • Wikipedia 292 hizkuntzatan dago, eta horietako bat euskara da, -245.841 artikulutik gora ditu-, eta 31. postuan dago, Europar Batasunean ofizialak diren hainbat estatu hizkuntzaren gainetik.
  • Facebook, Google eta beste sare sozial zein web zerbitzu ezagunetako asko (Firefox nabigatzailea, Wordpress plataforma, Moodle LMSa…) euskaraz erabiltzeko aukera dago.

Hala ere, 2017ko Euskarazko Internet Egunean ohartarazi nahi izan zuten, mugikorretan eta ordenagailuan euskara erabili ezean, euskara garatzaileek kontuan hartuko ez duten hizkuntza bat bilakatu daitekeela.

PuntuEus Behatokia

Duela hiru urte .eus domeinua martxan jarri zenetik, gorako tendentzia mantendu du; iaz %22 hazi zen eta 8.000 webgunetik gora daude dagoeneko .eus domeinuarekin. Markatu duten helburu berria 10.000ra heltzea izango da. Martxoan PuntuEus Behatokiak Bilbon aurkeztu zuen txostenaren arabera, Euskal Herriko webgune guztien %16ak dauzkate euskarazko edukiak -26.663 webgune guztira-. Hala ere, Interneten euskara indartzeko neurriak eskatu zituen aurkezpenean Josu Waliño PuntuEus fundazioko zuzendariak. Esan zuenez, euskara "osasuntsu" badago ere, egoera "egonkortu" egin da, eta horregatik,  "epe ertain eta luzerako politikak" eskatu zituen.

Euskarazko Internet Eguna ekitaldia

Gaur arratsaldean egingo dute ekitaldia Miramon parke teknologikoan Lehen Hitza mugikorretarako aplikazioa aurkeztuko dute. Web aplikazio honen bitartez, euskaraz eskuratu daitezkeen mugikorren markak eta modeloak kontsultatuko dira; eta gainera, aplikazioari esker mugikorra euskaraz jarri ahalko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak