Asier Amutxastegi: "Helburua da merkatariz osatutako komunitate handi eta indartsua sortzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2018ko mai. 14a, 14:32

Herritarrak eta merkataritza gerturatzeko eta bertako kontsumoa sustatzeko Merkatari aplikazio informatikoak urte eta erdi bete du. Baina asmo berriekin dator. Goiena bultzagile den proiektuaren kudeatzaileak eman ditu asmoen berri.

Urte eta erdi bada Merkatari aplikazioa Arrasaten abian jarri zela. Gustura emaitzarekin?
Une honetan, emaitzak ez dira oso inportanteak. Proiektu berria da, sektore aldakor baten eta pertsona askoren lana dago tartean. Inportanteena da merkatarien iritzia jasotzea da eta haien beharretara zuzendutako tresna ona sortzea. Hori lortzen dugunean, orduan egongo naiz emaitzarekin erabat gustura.  

Orain Eskoriatzara ere zabalduko da eta hango merkatariak batuko dira…
Bai, oso pozik gaude, beste urrats bat eman dugulako Eskoriatzan Merkatari proiektua martxan jarriz. Eskualde mailako proiektua da izan da eta Eskoriatzan ere abiatzea aurrerapausoa da. Oraingo astean egingo dugu aurkezpena Eskoriatzan eta Oñati ere batu da proiektura.

Apurka-apurka gainerako herrietako dendari elkarteak ere batuko dira proiektura?
Hori da asmoa. Jakitun gara sektore honek dituen erronkak handiak direla eta gu ari gara bidea erraztu nahian. Beraz Udal, merkatari elkarte eta Mankomunitateko Garapen Agentziarekin ari gara, denon artean biderik lausoena bilatzeko. Helburua da merkatariz osatutako komunitate handi eta indartsua sortzea, baina apurka-apurka egin behar da. Herri bakoitzeko merkataritza ezagutu, aztertu eta lan plangintza bat sortu behar da, beraien egunerokotasunera begira.
 
Ze nabarmenduko zenuke Merkatari aplikaziotik, zein da haren dohain nagusia?
Azkeneko hilabeteotan aldaketa nabarmenak egin ditugu. Arrasaten hasi ginen eta hasierako frogalditik asko ikasi dugu. Informazio guztia bereganatu eta hausnartu ostean, konturatu ginen merkatuan aplikazio asko zeudela eta bereizgarri bat behar genuela. Bereizgarri hori eskaintzeko bidean, zerbitzuan jarri dugu fokua. Merkatari aplikazioak duen balio erantsia da hasiera batetik merkatariekin gaudela, gertutasuna eskainiz eta bidea erraztuz merkatariei.

Aplikazioa erabiltzeko samurra da. Zer diote erabiltzaileek eta merkatariek?
Merkatariei hasieran beldur apur bat ematen die. Funtzionalitate asko eskaintzen dituelako. Baina behin erabiltzen hasita, egunerokotasunean whatsapp aplikazioa erabiltzearen pareko izan daiteke. Erabiltzaileen aldetik, aplikazioa erabiltzeko erraza dela diote eta feedback positiboak jaso ditugu. Hala ere, badakigu, bidean aurrera egin ahala, behar berriak agertuko direla eta, beraz, hobekuntza berriak egin beharko ditugula.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak