Fagor Kooperatiba Elkartearen alde egin du epaileak, markaren auzian

Iker Oñate 2018ko mai. 11a, 17:08

Edesa Idustrialek ezingo du Fagor marka erabiltzen segitu. Hala ebatzi du Donostiako merkataritza auzitegiak. Dena den, errekurtsorako tartea dago oraindik.

Edesa Industrialek konpromisoak "ez dituelako bete” aurkeztu zuen auzi eskea Fagor Kooperatiba Elkarteak –2017ko abenduak 15–. Eta epaileak "osotasunean" onartu du hark eskatutakoa. Hala dio 114/18 zenbakia duen ebazpenak: "Argiak izan dira Edesa Industrialen hartzekodun konkurtso aurreko ez betetzeak. Kontratuaren indargabetzea baimentzen da, hartzekodun legearen 62,1 artikuluari jarraiki". 

Hori horrela, behinik behin, Edesa Industrialek ezingo du Fagor marka erabiltzen segitu, “salbuespen batzuekin”. Alegia, Edesa Industrialek Fagor marka erabiltzeko eskumena izango luke stockean dituzte produktuak saltzeko eta bezeroei euskarri teknikoa eskaintzeko.

Auzi eskea

Esan moduan, Edesa Industrialek Fagor marka erabiltzen segi ez zezan auzi eskea aurkeztu zuen, besteak beste, hitzartutakoa bete ez izana argudiatuz. Hain zuzen ere, markaren erabileran eta posizionamenduan zuten fokua jarririk. Eta lanpostuen inguruan adostutakoari ere egiten zitzaion aipamen: “Ez ditu akordio ekonomikoak ordaindu, ezta lanpostuak sortzearen inguruan sinatutakoa bete”.

Bestetik, Edesa Industrialen jardunak Fagor markan izandako eragina gogorarazi zuten kooperatiba elkartekoek: “Edesa Industrialek ez darabil marketing politika zuzena, eta, horrek, kalte egiten die Fagor marka darabilten beste kooperatibei, kontratu batzuk galtzeko arriskuan egoteraino”.

Gutxienez 350 lanpostu

Sinaturiko hitzarmenean, urteko langile kopurua gutxienez 350ekoa izateko konpromisoa hartu zuen Edesa Industrialek. Kontratua bertan behera uztea eragingo zukeen baldintza hori ez betetzeak. Horrez gain, lanpostuak babestera bideratutako kontrapartida ekonomikoak ezarri zitzaizkion, “700 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten zuen plana betetzen ez bazuen, beti ere”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak