Zibersegurtasun industriala izan da kongresuan landutako gaia, eta nazioartean zibersegurtasun arloan erreferente diren adituek hartu dute parte bertan.
Ekonomia sustapen, Landa Garapen eta Lurralde orekako foru diputatu Ainhoa Aizpuruk kongresuaren hasiera ekitaldian azaldu bezala, zibersegurtasuna pil-pilean dagoen gaia da, eragile eta enpresa orori eragiten diena.
Aizpuruaren esanetan erasoak gaur eta hemen errealitate bat diren arren, lurraldean egoera ez da beharko lukeena Aldundiak berriki egin duen ikerketa baten arabera.
Markel Olano diputatu nagusiak ere, industriak Gipuzkoako ekonomian duen pisuan azpimarra jarri ostean, lurraldeko ekonomiaren lehiakortasuna eta etorkizuna bermatzeko zibersegurtasunaren erronka hil ala bizikoa dela nabarmendu du. Eta zibersegurtasuna indartzeko eta bultzatzeko Aldundiaren estrategiaren zentroan jarri du ZIUR zentroa.
Etorkizuna Eraikiz programan kokatzen da ZIUR, eta udazkenean zabalduko ditu ateak Zuatzu parkean hainbat jarduera garatzeko; besteak beste, langileen formakuntza, talentua bultzatzea, aurre hartze politikak indartzea , berrikuntza eta garapena sustatzea eta egiaztagiriak eskaintzea… Bai Aldundia eta baita ZIUR ere Europako zibersegurtasun arloko eragileen elkarte nagusi den ECSOn sartu dira.