Opakuako indartsuenak Gorlan izango dira bihar

Xabier Urtzelai 2018ko mai. 11a, 15:43
40 urte inguru ditu Lola BMWk; hiru hamarkada daramatza Zabaletarekin. Goiena

Bihar, zapatua, egingo dute Gorlako Igoeraren 27. aldia, eta aurten ere etxeko pilotu Aitor Zabaleta da faboritoa. Denboraldi berezia izango da bergararrarendako, 30 urte beteko ditu-eta Lola BMWren bolantean.

Gorlako mendateko bihurguneak zalez beteko dira bihar, zapatua, 15:00etan hasita. Ia 60 pilotu batuko dira irteera puntuan, eta horietatik herena Debagoienekoak izango dira: "Egia da beste edizio batzuetan pilotu gehiago izan ditugula, urte batetik bestera gorabeherak egoten dira, baina, akaso, igoeren denboraldi hasiera denez, bakarren bat autoa prestatzeko orduan berandu ibili da. Baina, antolatzaileon ikuspuntutik, kopuru polita da", dio Gorla Racing taldeko Aitor Zabaletak.

Berez, iragarpenek diote zapatuan eguraldi aldakorra izango dela, eta euria egin dezakeela. Bada, iragarpenak betetzen badira, ez da komeni auto kopuru handirik, lanak pilatu egiten dira eta.

Egutegiko bigarrena

Euskadiko Mendiko Txapelketako bigarren lasterketa da Bergarakoa, pilotuek Opakuan estreinatu zuten-eta denboraldia, apiril erdian. Eta hango pilotu azkarrenak Boluko irteera puntuan izango dira bihar: Aitor Zabaleta eserleku bakarrekoen kategorian eta Bruno Scherer (Porsche 911 GT3) turismoenean. Hain zuzen, Schererrek oso lehia estua izan zuen Iñigo Olabegogeaskoetxearekin (BMW M3). Opakuako podiumera igo zen hirugarren postuan zirkuitutik mendiko igoeretara salto egin duen Xabi Fernandez arrasatearra, eta, turismoetan, hiru horiek Bergaran izango dira bihar.

'Lola'-rekin 30 urte

Zabaletak hiru hamarkada beteko ditu aurten Lola BMW T298 gidatzen; Gorlako Igoerak berak dituen urteak baino gehiago. Autoak 40 urte inguru ditu; Zabaletak Andres Vilariñori erosi zionean (1988), autoak hamar urte zituen: "Eta ordutik hona ez du automobilez aldatu", dio Xabier Zabaletak: "Hori bai, imajina dezakezuen moduan, autoak urte hauetan guztietan aldaketa asko izan ditu, pieza eta xasis aldaketak, motor konponketak...".

Bada, 40 urte dituen barketak oraindik ikusmina pizten du zaleen artean: "Lolarekin Espainiako Txapelketa irabazi du bizpahiru alditan, Europako lasterketetan lehiakorra izan da, eta pentsa Euskadikoa zenbatetan irabazi duen". Hala, bihar garaipenerako faboritoa da, nahiz eta CM azkarrak –Silver Car edo Speed Car etxeetako auto arinak– gertu izaten dituen, batez ere, txarra egiten duenean.

Debagoieneko pilotuak:

• Aitor Zabaleta. Gorla Racing eskuderia. Lola BMW.

• Iñigo Lizarralde. Gorla Racing eskuderia. BMW M3 E36.

• Andoni Aperribai. Gorla Racing eskuderia. Citroen AX.

• Oscar Sarasua. A + Gas eskuderia. Citroen Saxo VTS 16v.

• Asier Unzetabarrenetxea. A + Gas eskuderia. BMW M3 E36.

• Xabi Fernandez. A + Gas eskuderia. Seat Leon Supercopa Mk1

• Mikel Beretxinaga. A + Gas eskuderia. BMW E36

• Ander Sarrao. A + Gas eskuderia. BMW M3 E36

• Mikel Fernandez de Arroyabe. Esko Motor. BMW E30

• Maialen Iarza. Esko Motor eskuderia. Peugeot 205

• Mikel Oiartzabal. Esko Motor eskuderia. BMW 325i E36

• Gorka Urrutia. Esko Motor eskuderia. BMW 325i E36

• Andoni Boyero. Oñatiko Udana eskuderia. VW Golf 1.8 Turbo

• Ruben Nogueiras. Oñatiko Udana eskuderia. Silver Car S2

• Julen Altuna. Oñatiko Udana eskuderia. BMW 325i

• Mikel Alustiza. Durangalde Racing eskuderia. Seat Ibiza

• Iñigo Errazti. Durangalde Racing eskuderia. Renault Clio Sport

• Ekaitz Egurrola. Azpiko Racing eskuderia. Citroen Saxo

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak