Emanaldiari Siempre estoy soñando kantuarekin eman zioten hasiera.
Soinu garbiekin eta zaindutako muntaia batekin, musika gau zoragarri bat zetorkigula sumatu genuen. Segidan, Castigo-rekin jarraitu eta beste batzuen ostean, bere gonbidatu izan zen Muchachito bombo infierno taldearekin eta oholtza erdian jarrita, Yo no soy Bob Diddley eta Me tienes frito utzi zituzten jendearentzat.
Baita Gatibu taldeko Alex eta Aimar ere, gonbidatu bereziak izan genituen; "lagunak eta herritarrak" Fito-k berak esan zuen bezala. Beraiekin kolaboratutako Urepel abestia eskaini zuten, Fitok, berak, euskaraz abestuaz. Une hunkigarria… Jendeak "beste bat" oihukatuz agurtu zituen.
Platero y Tú gogoan
Eta momentu bereziena bere lagun edo eta anaia… Iñaki Anton Uoho agertu zenean agertokian. Biak ala biak txikitatik hainbat proiektutan buru-belarri ibili izandakoak dira: Platero y Tú, Extrachinato etab.
Hay poco Rock and Roll eta El roce de tu cuerpo eskaini zizkiguten, berriz xarma berezi bat lortuaz. Jendeak Platero y Tú ez duela ahaztu agerian gelditu zen.
Horrela, abestiz abesti, eta bi aldiz eszena-tokitik joan etorriak eginda, bi ordu eta erdiko espektakulu bikain bati amaiera eman zioten.
Lehen esan dudan bezala, soinu bikaina, eszena-toki polita eta benetan merezi izan zuen gau bat bizi izan genuen atzo BECen.