Puntu beharrak hala aginduta, UDA indartsu zelairatu zen, partiduaren bila. Zuri-moreek, baina, hasierako erauntsi horri ondo eutsi eta minutuak aurrera egin ahala parekatzen joan ziren indarrak. Hala ere, uneoro igarri zen ze taldek zuen garaipenaren beharra. Mondra jarri zen aurretik, korner baten gola egin ostean. Atsedenaldira 0-1koarekin joan ziren.
Futbol gutxi, presio handia
Bigarren zatian, eta Mondrak ohikoak ez diren jokalari dezente zelairatu zituenez, arlo fisikoa igarri egin zen. Aretxabaletak ondo estutu zuen baina, futbolaren berezitasunak, 0-2koa egin zuen Mondrak ondo landutako jokaldi bati esker. Apenas ezer egin barik, zuri-moreek eskuetan oso bideratuta zuten garaipena. Hala ere, zelai erditik atera eta 30 segundotan 1-2koa egin zuen UDAk eta oso gutxira heldu zen binako berdinketa. Orduan hasi ziren Mondraren minuturik zailenak eta aretxabaletarrak erasoaldi gogorrenak, baina etxekoek ez zuten sortutako aukerekin asmatu. UDAk gehiago merezi izan zuen, baina ez zen posible izan.