Nazioarteko agintari ezagunak izan dira Arnagan, 2011n Aieten egindako lez. Ekitaldiaren osteko adierazpena Irati Agorriaga Cuevas gernikarrak irakurri du euskaraz, Michel Camdessusek frantsesez, Jonnathan Powellek ingelesez eta Cuauthemoc Cardenasek gazteleraz. "Konponbide oso justu eta iraunkorra" iritsiko dela adierazi dute.
Ekitaldian parte hartu dutenen artean egon dira, besteak beste, EAJko presidente Andoni Ortuzar, EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, EH Bilduko legebiltzarkide diren Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz eta Sare plataformako eta EAEko Ahal Duguko ordezkariak, baita Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria eta Kotte Ezenarro Hendaiako (Lapurdi) auzapeza.
Horiez gain beste agintari ezagun batzuk ere izan dira, hala nola, Gerry Adams Sinn Feineko buru ohia, Jonnathan Powell Tony Blairren kabinete buru ohia, Cuauthemoc Cardenas Mexikoko presidentetzarako hautagai izandakoa eta PDR alderdiaren sortzailea, eta Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia.