José Luis Rebordinosek ohitura bihurtu duen kartel lehiaketaren aurkezpenak Zinemaldiak aurrerantzean izango duen irudia aurkezteko balio izan du. Azken hamarkadetan ikur izan den maskorra sinplifikatu egin dute, eta orain, irudia errazago ikusten da.
Irudi modernoagoa
Nortasun grafikoa berritzearen helburuak marka eguneratzea eta ikusgaitasun handiagoa izatea dira. TGA estudioak, lerro sintetikoagoko eta sendotasun bisual handiagoko maskor bat erabili du. Logotipoak hiru osagai ditu: maskorra, laburdura –horretarako Helvetica tipografia erabili da– eta Zinemaldiaren izena, hiru hizkuntzatan idatzita (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).
Julen Cano diseinatzaileak logotipo berria sortzeaz gain, Zinemaldiaren irudiari bateratasuna emango dion tipografia ere definitu du. Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek azaldu duen moduan, "jaialdiak irudi berri bat behar zuen eta TGAk bete-betean asmatu du". Rebordinosek gaineratu duen moduan, "datozen urteetan irudi berria Zinemaldiak dituen euskarri guztietara egokitu beharko da, baita sarietara ere".
Sailetako kartelak
Irudi berriaren ildo berriaren eskutik estudio berak aurtengo kartelak ere sortu ditu. Baimen arazoak medio, "aurki" aurkeztuko dute aurtengo Zinemaldiaren kartel ofiziala, zuzendariak aurreratu duenez "ukitu femeninoa" izango duena. Ekitaldian baina, gainontzeko sailetako kartelen irudia erakutsi dute. Sailetako karteletan ere dinamismo eta argitasun bera ikusten dira.
Guztiek nortasun grafiko bera partekatzen dute, argazki batez eta ilustrazio batez osatutako konposizio batetik abiatuta. Horrek batasuna eta koherentzia ematen dizkio osotasunari. Era berean, sail bakoitzak bere nortasuna du, kolore bereizgarri bati esker. Sail Ofizialaren kartela aurrerago aurkeztuko da, irudi eskubideen baimena adostu ondoren.
66. edizioa
Aurtengo Zinemaldiaren xehetasunak hilabete batzuk falta diren arren, Rebordinosek, edizioaren gakoetako batzuk aurreratu ditu. 66. edizioak izango duen lehen atzera begirakoak Muriel Box zuzendari eta gidoilari britainiarraren ibilbidea errepasatuko du.
Horrez gain industriaren eta talentu berrien aldeko apustu sendoa, euskal zinemaren eta Espainiakoaren momentu ona eta Zinemaldiak aurrean dituen erronkei buruz ere mintzatu da. Irailaren 21etik 29ra ospatuko den Zinemaldiaren zehaztasunak aurrerago emango dira aditzera.