Lau jardunaldi geratzen dira Ohorezko Erregional mailan, eta, egia esateko, Debagoieneko taldeei dagokienez, saltsa handiagoa dago kategoria bat beherago, Erregional Preferentean. Mondra (53) eta Bergara (50) liga ahalik eta gorenen amaitzeko helburuarekin dabiltza. Ez dute urte batere txarra egin, ezta gutxiago ere –Bergara iritsi berria da kategoriara, eta Mondrak entrenatzaileak estreinatu zituen liga hasieran–, baina koska bat falta izan zaie aurrealdekoen borrokan ibiltzeko. Mahoneroek lehenengo itzuli ikusgarria egin zuten, iazko bolada onari jarraipena eman zioten eta lider egon ziren, baina abenduan oxigeno barik geratu ziren, eta ordutik hona lau partidu baino ez dituzte irabazi.
Mondra erregularragoa izan da –Ordizian jokatuko dute, zapatuan, 17:00etan–. Urte osoa goialdeko postuetan egin dute arrasatearrek –bosgarren postuaren bueltan–, baina Jorge Davilaren mutilei azken bultzada falta izan zaie; otsaila ez zen ona izan –hiru berdinketa eta porrot bat–, eta hori du aurrealdean egon gura izateak, bolada txar txikiena garesti ordaintzen dela. Bada, Mondraren eta Bergararen artean hiru puntuko aldea baino ez dago. Laugarren dagoen Hernani 5 puntura dago eta podiumeko postuak 7 puntura daude; aukeran, urrunegi, 18 puntu jokoan geratzen diren txapelketa baterako.
Aretxabaleta erdialdean
UDA beste urte batzuetan baino makalago ibili da. Aretxabaletako taldeak baja garrantzitsuak izan ditu, eta hori igarri egin da berdegunean –batzuek erretiroa hartu dute eta beste batzuk taldez aldatu dira–. Baina mailari eusteko adina puntu batu dituzte, eta azken jardunaldi hauetan –derbiak tarteko– Velez de Mendizabalen mutilek urtea txukundu gura dute. Bada, domekan dute lehenengo aukera, mahoneroen kontra (Ibarra, 16:30).
Antzuola eta Aretxabaleta: mailari eusteko borrokan dabiltzanak
Erregional preferenteko atzealdeko postuetan talde asko daude jaitsiera postuetatik ihes egin guran, eta bi jardunaldi hauetan borroka estua izango da. Aretxabaleta eta Antzuola dira estutasunetan dabiltzanetako bi, eta etxean jokatuko dute biek. Antzuolak Lagun Onak hartuko du bihar (16:30, Estala), eta Aretxabaletak Mondra izango du kontrario Ibarran (18:15). Aloña Mendik, berriz, igoera fasera sailkatzeko aukera guztiak galduta, Lagun Onaken kontra jokatuko du zapatuan (17:00).