Vanesa Gimberten gola, Oihana Aldairen Zaragozari

Xabier Urtzelai 2018ko api. 30a, 09:31

Emakumezkoen Lehenengo mailan aretxabaletar bat eta bergarar bat izan dira protagonista. Oihana Aldairen Zaragoza kategoriari eusteko borrokan dabil, eta asteburuan lehenengo "finala" gainditu dute, Athletici irabazita (2-1). Bergarako Vanessa Gimberten jaurtiketaren aurrean, baina, aretxabaletarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen. 

Emakumezkoen Lehenengo Mailari bi jardunaldi geratzen zaizkio, eta egoera erabat ezberdinean daude bailarako ordezkari bana dituen Athletic (hirugarren postuan) eta Zaragoza (azkenaurreko postuan). Asteburuan, baina, Aragoikoek ezustekoa eman eta ligako oilarretako bat hartu dute mendean, Oihana Aldai atean zegoela 2-1 irabazi diote-eta zuri-gorriei. Zaragozak entrenatzaile berriarekin ekin zion partiduari –Jose Manuel Perna– eta lehenengo zatian Aldaik hainbat jaurtiketa desbideratu zituen.

Jokoa antolatzeko ardura Athleticek hartu zuen, baina Zaragozak etxean erakusten duen sendotasuna berretsi zuen. Lehenengo zatia 0-0ekoarekin amaitu zuten, baina 49. minutuan aurreratu zen Zaragoza, eta 55. minutuan 2-0 ikusgarria egin zuen Colemanek, urrunetik egindako jaurtiketa bat esker.

Partiduko gol ikusgarriena, baina, Vanesa Gimbertek egin zuen (2-1), areatik kanpo egindako jaurtiketak langan jo zuen, eta errebotea barrura joan zen, golaren marra gaindituta. Jaurtiketa horren aurrean Aldaik ezin izan zuen ezer egin, nahiz eta gutxienekoa zen, puntuak Zaragozan geratu zirelako.  

Geratzen diren bi partiduetan Zaragozak ezin du barkatu, eta gainera, Espanyolen akatsen zain egon beharko dute.

 Partiduko golak, hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak