Izan ere egun, gipuzkoarren %35k 55 urte baino gehiago du, eta 2031n, kopurua %46,5 izango dela diote aurreikuspenek, ia 350.000 pertsona izatera helduz. Eta mendekotasuna duten gipuzkoarrak, bestalde, 39.000 izango dira.
Pasaiako Ziriza Etxean egin zuten Adinberriren aurkezpena, eta bertan Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu moduan, sei elementu nagusi izango ditu egitasmoak.
Olanoren esanetan, ikuspegi bikoitza du ekimenak, soziala eta ekonomikoa, eta erakunde publikoen eta eragile pribatuen elkarlanean oinarrituz arreta soziosanitarioaren eta sektore biosanitarioaren aldeko apustu egiten du.
Egitasmoaren aurkezpena egin zuten gunetik ehun metrora eraikiko dira proiektuaren egoitzak, eta bertan biziko diren pertsonak beraien etxeetan baleude moduan sentitzea da nahia.
Eraikinak gune horretan kokatuaz, Pasaiaren biziberritze prozesuari ekarpena ere egingo zaiola azpimarratu zuen aurkezpenean diputatu nagusiak.
Proiektuak 1.300.000 euroko aurrekontua izango du eta 2022rako amaituko dituzte eraikitze lanak.