Hirugarren diskoa kaleratu berri du musikariak: Aingurak. Hain zuzen Lutxo Egia idazleak indar handiko irudia dela aingura adierazi zuen diskoaren aurkezpenean: "Zeintzuk dira gure aingurak? Denok estekatzen gaituzten aingurak badaude, denok ditugulako. Baina era berean, aingura zerbait positiboa ere bada, sendotasuna erakusten baitu, deribaren kontrako elementua baita, eta orekarako giltza ere bai". Eta disko berrian "oreka" ikusten duela gaineratu zuen.
Jon Benitoren Aingurak erreketan poematik hartu du izenburua, eta beste idazle eta lagun batzuen berbak ere jaso dituela adierazi du musikariak, Iñaki Mendizabalenak eta Iñigo Astizenak, esaterako. Piztia zaurituak kantuaren berbak hain zuzen Astizenak dira.
Aurreko lanen "hibridazioa"
Berreginez eta Da Nola lanen ostean dator Aingurak eta aurreko bien hibridazioa dela adierazi du Inun-ek: "Hobekuntza askorekin baina lehengoaren freskotasuna eta makillaje gutxi ditu, eta bigarrenaren instrumentazio landuagoa".
Gaur egungo egoera sozialaren eta norbanakoaren gaineko galderak eta kritikak dituen zortzi kanturekin osatu du diskoa, eta musikarekin leundu dituela "kantu gogorrak" adierazi du.
Lagunekin inguratuta
Diskoa grabatu du musikari lagunekin eta harekin izango dira biran honako hauek: Argibel Euba, bateria-jolea; Dani Tomas, gitarra-jolea; Bihotz Gorospe, kantuan eta perkusioarekin; Ekain Alzola, baxu-jolea; eta maiatzeko kontzertu honetarako Sergio Mayoral tronpeta-jolea ere izango du lagun.