Ford Mugarrik joko hobea erakutsi du hasieratik, eta ate aurrean ere eraginkortasun handia izan du partidu guztian zehar. Oñatiarrak, ordea, deseroso ibili dira eta kostatu egin zaie golak sartzea. Besteak beste, Asier Valle atezainaren partidu bikaina izan da horren erantzule.
Oñatiarrek aurpegi tristea zuten amaieran, eta Mikel Agirrek, taldeko kapitainak, onartu du pena izan dela finalerako ez sailkatu izana. "Ondo prestatu dugu partidu hau. Ilusioarekin gentozen, eta dena ematen saiatu gara, baina ezin izan dugu irabazi. Erasoan ez da gure partidurik onena izan, eta markagailuak hori erakusten du. Defentsan gogor aritu dira eta atezainak guztia eta gehiago geratu digu. Atezain bat horrela dagoenean, gutxi dago egiteko", adierazi du.
Txanponaren ifrentzuan, arrasatearrak pozik. Mikel Zuloaga taldeko jokalariak azaldu du partido gogorra aurreikusten zutela, eta hala izan da, bere esanetan. "Presio handiko partidua izan da. Harmailak ere goraino beteta zeuden. Hala ere, uneoro aurretik joan gara eta horrek lagundu egin digu. Oso parekatuta gauden bi talde gara, asko ezagutzen dugu elkar, eta detaileek erabakitzen dute partidua. Gaur, zorionez, alde izan dugu emaitza", azpimarratu du.
Gauzak horrela, aurre-faseko finala Ford Mugarrik eta Txikipolit ZKE-k jokatuko dute bihar, 12:15ean, Iturripen.