Ganbara abesbatza eta Zaruk bikotea, oraingoan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2018ko api. 20a, 18:34
Gabonetan Oñatin egin zuten Serenity ikuskziuna. Argazkia: Ganbara Abesbatza

Arrasateko Udalak antolatzen duen Udaberriko Musikaldiaren bigarren asteburuan, Serenity ikuskizuna eskainiko dute oñatiarrek bihar, zapatua, eta biolinaren eta gitarra doinuekin judutarren musika legatua gerturatuko du domekan Zaruk bikoteak.

Herriko Goikobalu abesbatzak Opus 4 laukotearekin egin zuen emanaldiak zabaldu zuen aurreko asteburuan Arrasateko Udalak hamalaugarrenez, proposatu duen Udaberriko Musikaldia. Abesbatzak dira aurtengo eskaintzan protagonista nagusi, eta Oñatiko Ganbara abesbatza gonbidatu dute oraingoan. Serenity kontzertua eskainiko dute bihar, zapatua, San Juan Bataiatzailea parrokian, 20:00etan.

Domekan, Zaruk bikoteak hartuko du lekukoa Kulturateko areto nagusian, 13:00etan. "Aproposa irudi zitzaigun eguerdian eskaintzeko, froga bat da eta ikusiko dugu ze harrera duen,  hortaz, ez da egitarauko akats bat", azaldu du Kultura teknikari Karmelo Alberdik.

Lasaitzeko musika, zapaturako

Gabonetan estreinatu zuen Ganbara abesbatzak Serenity ikuskizuna. "Lasaitasuna transmititu gura duen errepertorioa da; pieza askorekin osatuta dago baina, guztietan dago lasaitasun sentsazio hori oinarrian. Errez jarraitzeko musika atsegina da", azaldu du abesbatzako zuzendari Aitor Biainek, eta zera gaineratu du: "45 lagunek osatutako abesbatza eta hamabi musikarik osatutako ganbara orkestra izango da. A capella abestuko ditugu batzuk, eta musika tresnekin lagunduta besteak".

Bi zatitan banatu dute kontzertua. "Stopford, Whitacre, Sarasola, Essenvalds, Gjeilo, Elberdin, Nysted eta Miskinis konpositoreen obrak jasotzen ditu lehenengoak; eta bigarrena, Gjeiloren orkestra eta koruarentzako monografikoa da. Ez da, baina, musika emanaldi hutsa izango, tarteka, Andoni Salamero poetaren hitzak ere entzungo dira eta off-ean".

Judutarren musika, domekan

Madrileko txelo-jole Iris Azquinezerrek eta Rainer Seiferth gitarra-jole  alemaniarrak osatzen dute Zaruk bikotea. Judutar sefardien musika legatuari, begiratzen diotela diote, belaunaldiz belaunaldi eta ahoz aho transmititu diren pieza horiek askatasunez interpretatzen badituzte ere. Musika klasikoa, jazza eta musika tradizionala maisuki josten ditu Zaruk-ek;  eta konposizioa eta inprobisazioa txandakatuta minimalismoa eta birtuosismoa eskutik dakarte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak