"Urte osoko lana dago jokoan"

Xabier Urtzelai 2018ko api. 20a, 12:00
Bi taldeetako kapitainak, Josu Herrero eta Mikel Agirre, aurrez aurre, iaz Arrasaten jokatutako derbian. Ondoan dituzte Jonan Eskibel eta Aitor Billar. Argazkia: Imanol Soriano.

Euskadiko Txapelketan Basaurirekin batera igoera fasea zein taldek jokatuko duen erabakiko dute asteburuan Arrasaten, Iturripen jokatuko duten 'play-off'-ean. Arrasatearrek eta oñatiarrek finalean egoteko derbia jokatuko dute bihar (13:00).

Datorren urtean maila nazionalean egoteko igoera fasea jokatuko dute aurki, eta liga irabazi duen Basaurik dagoeneko lortu du fase horretarako txartela. Oraindik, baina, beste talde batendako lekua dago, eta hori da asteburuan Arrasaten jokatuko duten lauko finalean erabakiko dutena –ligan bigarren sailkatu direnez, arrasatearrek play-off-a etxera ekartzeko aukera izan dute, iaz oñatiarrek egin zuten moduan–.

Bada, etxeko ordezkari Ford Mugarri Arrasaterendako eta Fagor Industrial Aloña Mendirendako, urte osoko lana egongo da asteburuan jokoan. Ez eurendako bakarrik, Txikipolit Zarautz eta Ilcapo Hondarribia ere Lauko Torneoan izango dira eta.

Derbia, zapatuan

Bihar, play-off-eko finalerdiak jokatuko dituzte, eta kanpotarrak lehiatuko dira: gehienendako faboritoa den Txikipolit Zarautz –nahiz eta arrasatearrek ligan aurretik amaitu duten– eta fisikoki jokalari indartsuak dituen Hondarribia (11:00). Benetako saltsa izango duen partidua 13:00etan jokatuko dute: arrasatearren eta oñatiarren arteko derbia. Finala, berriz, domekan izango da

Josu Herrero, Arrasateko taldeko kapitaina: "Halako fase bat jokatzeko azken aukera izan daiteke":

Etxeko taldeak egindako liga amaiera azpimarratu du Josu Herrerok: "Ligan zelan ibili garen ikusita, esango nuke orain oso ondo gaudela, aspaldian izan ez dugun erregulartasuna lortu dugu. Bada, asteburuan etxeko zaleen babesak plusa izan behar du guretako, nahiz eta badakigun Oñatitik ere zale asko etorriko direla". Arrasatekoari faboritoen gainean galdetuta, hauxe dio: "Zarauzkoak ikusi ere ez ditut gura egin, euren kontra bi partiduak galdu ditugu ligan, eta indartsuenak dira. Jokalari azkarrak dituzte, eskubaloi partidu bat irakurtzen dakitenak eta bi egunetan freskotasuna mantentzeko kapaz direnak". Hala, Herrerok uste du halako fase bat jokatzeko jokalari askorendako azken aukera izan daitekeela: "Taldean belaunaldi aldaketa izango dugu, eta aprobetxatu egin behar da aukera hau".

Mikel Agirre, Oñatiko taldeko kapitaina: "Iaz Burgosen bizi izandakoa errepikatu gura dugu":

Mikel Agirrek azpimarratu du taldea gogotsu dagoela asteburuari begira: "Eta, batez ere, Arrasatekoen kontrako partidura begira gaude motibatuta; aurten ligako bi norgehiagokak irabazi dituzte, eta errebantxa gogoz gaude". Agirrek ere Zarauzko taldea eman du faboritotzat: "Oso talde konpentsatua dute, eta aldaketak egiten dituztenean euren joko-mailak ez du behera egiten. Egia da, baina, partidu bakarrera edozer gerta daitekeela. Hala, nahiz eta Zubikoatik kanpo jokatu, zale txantxikuarrak arduratuko dira euren jokalariak Iturripen etxean moduan sentiarazten: "Hamabost minutura dugu Arrasate, zale asko bertaratuko dira, bai". Helburu nagusia bete dute fase honetara iritsita, baina iaz Burgosen bizi izandako esperientzia errepikatu gura dute.

Lauko finaleko ordutegiak:

Partidu guztiak Iturripen jokatuko dituzte. Sarrera 3 euro izango da –Arrasateko klubeko bazkideek doan ikusi ahal izango dituzte partiduak). Txapelketak emandakoa Goiena telebistako Harmailatik saioak eskainiko du, astelehenean (21:30), eta asteburuan zehar www.goiena.eus atarian.

Zapatua

• 11:00: Txikipolit Zarautz - Ilcapo Hondarribia (finalerdia)

• 13:00: Ford Mugarri Arrasate - Fagor Industrial Aloña (finalerdia)

Domeka

• 12:15. Finala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak