Gaur jarri da abian errenta aitorpenaren kanpaina ekainaren 30a bitartean

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 16a, 17:25

2017ko Errenta kanpainaren aurkezpena.

2017ko Errenta kanpainarako aurreikusten dituen zenbakien berri eman du Gipuzkoako Foru Ogasunak gaur; 224 milioi euro jasotzea eta 259 milioi euro itzultzea espero du. Dagoeneko 249.000 autolikidazio proposamen bidali dituzte, eta zergadunek horiek onartzeko epea zabalik izango dute gaurtik ekainaren 30a bitartean.

Joan den astean hasi zen autolikidazio proposamenen bidalketa, eta gaurtik aurrera onar daitezke horiek, telefonoz edo Internet bidez. Errenta mekanizatuari dagokionez, Ogasuneko bulegoetan egiten diren aitorpenak, apirilaren 20an irekiko da hitzordua hartzeko epea, eta 23an hasiko dira aitorpenak aurkezten. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, ostera, apirilaren 26tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Ekainaren 30ean itxiko da 2017ko Errenta kanpaina. Aurreikuspenen arabera, 35 milioi euroko saldo negatiboa izango luke kanpainak, joan den urtekoa 17 milioitan hobetuz. 

Euskaraz aurkezteko gonbidapena

Aitorpena euskaraz aurkeztera gonbidatu ditu herritarrak Ogasuneko diputatu Jabier Larrañagak. Azken hamarkadan bikoiztu egin dela euskaraz aurkezten dutenen zenbatekoa adierazi du; hala ere, oraindik aurkezten diren guztien %15 bakarrik dira. "2017an 70.328 herritarrek aukeratu zuten euskara Ogasunarekiko harremanetan, eta helburua da datozen lau edo bost urteetan 100.000ra iristea. Egingarria da, eta erakundea prest dago jauzi hori emateko".

ZergaBidea plataforma

Ogasun eta Finantza foru diputatuak aurtengo berritasunen artean, ZergaBidea plataforma nabarmendu du, Errenta aitorpena aurkezteko laguntza programa berria. Euskarri berriak autolikidazio proposamena deskargatzeko aukera ematen du, eta baita aitorpena bertan egin eta aurkezteko ere. "Helburua zergadunei eskaintzen dizkiegun zerbitzuak hobetzean joatea da, ahalik eta erraztasun gehien izan dezaten", esan du.

"Jarraipeneko kanpaina"

Aurtengo kanpainan ez dela aparteko berritasunak izango ere adierazi du Larrañatak, "jarraipeneko kanpaina" izango dela. Autolikidazio proposamenei dagokienez, 249.122 egin dira eta, joan den astean hasi ziren bidalketak. Hauetatik 167.416 itzultzera dira, eta beste 81.706 ordaintzera. Aitorpen guztien %66,3 dira hain zuzen ere. Foru arduradunek gogoratu dute proposamena jaso ostean onartu egin behar dela, eta horretarako bi bide daudela: 902 100 040 telefonoan edota www.gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean. Proposamena zenbait aldaketekin ere onartu daiteke: etxebizitzen alokairuen etekinak, lokalen alokairuen etekinak, ohiko etxebizitzaren alokairuagatik kenkaria, dohaintzen kenkaria eta sindikatuen kuoten kenkaria.

Aurreikuspenen arabera, 380.000 aitorpen espero dituzte, iaz baino 5.500 gehiago. Bataz beste, 1.005 euro itzuliko dizkio Ogasunak aitorpena itzultzera duen zergadun bakoitzari, eta ordaintzera dutenek, bere aldetik, 1.838 euro ordaindu beharko dituzte.

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zerga

Aberastasuna eta Fortuna Handien gaineko Zergari dagokionez, iazko emaitzak hobetzea espero du foru Ogasunak. 67 milioi euro biltzea aurreikusten du, aurreko urtean baino 1,6 milioi euro gehiago. 7.650 pertsonek ordainduko dute zerga hau, 2015ean baino 133 gehiagok. Internet bidez bakarrik aurkez daiteke aitorpen hori; apirilaren 23an hasi eta ekainaren 30ean bukatuko da epea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak