Ikasleak motibatzeko eta euren arteko harremanak sendotzeko helburuarekin adostu zuten iaz, aurtengo ikasturtean Bergarako Musika Eskolako eta Arrasate Musikaleko gazte orkestrek elkarrekin kontzertuak eskaintzea. Bi emanaldi egingo dituzte: lehenengoa Bergarako Seminarixoan gaur, astelehena, 19:30ean izango da eta Arrasaten egingo dute bigarrena, maiatzaren 7an.
60 musikari taularen gainean
11 eta 16 urte bitarteko gazteak igoko dira Seminarixoko agertoki gainera; guztira, 60 lagun."Arrasatetik 24 lagun joango dira eta askotariko musika tresnekin osatutako taldea da", dio Arrasate Musikaleko irakasle Edorta Aiastuik, eta zera gaineratu du Bergarako Musika Eskolako Gazte orkestrako zuzendari Jose Migel Laskurainek: "Guk ere askotariko musika tresnak eramango ditugu: biolinak, biolak, txeloak, flautak, oboeak, klarineteak, tronpetak eta perkusioa. Aberasgarria da ikasleek beste eskoletan nola lan egiten duten ikustea eta beste talde batzuen doinuak entzutea. Dibertitzen diren bitartean, gauza asko ikasteko bidea ematen diete halako topaketek".
Bakarka eta elkarrekin
Ordubeteko iraupena izango du saioak eta hiru zatitan banatuta egongo da: bakarka jardungo dute lehenengo, eta elkarrekin borobilduko dute gero saioa. Laskurainek dio anfitrioiak izango direla jotzen lehenengoak: "Bost piezarekin osatu dugu gure eskaintza; soinu bandak eta musika klasikoko pieza ezagunekin".
Aiastuiren esanetan, hiru eskainiko dituzte Arrasatekoek: "Damia Salesen Tok de la Trompeta-rekin hasiko gara, Lord of the rings filmaren soinu banda gero eta Lady Gagaren Poker face kantua bukatzeko. Elkarrekin, gero, Game of Thrones filmaren soinu banda joko dugu".
Guztiontzako daude ateak zabalik; 18:30etik aurrera hartu ahalko dira gonbidapenak Seminarixoko leihatilan.