Frantzian 'bal folk' edo 'bal trad' esaten zaien dantzaldietako berritzaileetako bat da Gérard Godon. 2000 hamarkadaren hasieran abiatu zuen Parasol taldea, Eric Thézérekin batera. Bere ezaugarri nabarmenenak izan daitezke musikalitate ezberdina —intimista, goxoa— eta dantza lotuetan berrikuntza zaletasuna. Asmatzen eta sustatzen ditu scottish, mazurka eta balts irregularrak.
Hogei urteko ibilbidean bederatzi CD argitaratu ditu, guztiak ere dantzarako musikaz osatuta. Ezaguna da dantza zirkuituan. Errepertorioan ditu scottish, polka, balts —hiru, bost, zortzi eta hamaika pultsukoak—, mazurka, scottish irregularrak, Chapelloise, borobila... eta beste hainbat. "Joan den urteko saioetan jo zizkigun ere, goxo asko, Zazpi jauziak, Lantzeko zortzikoa, eta fandango / arin-arina", gogoratzen du Herrixa Dantzan ekimeneko arduradun Patxi Monterok.
Dantzarako gonbidapena egin du beste behin Monterok. Domekan, apirilak 22, elkartuko dira Elgetako Espaloia kafe antzokian. Ohikoa den moduan sarrera doan izango da eta edatekoak eta jatekoak izango dira. Elgetako Udalak lagundutako ekimena da honakoa.
Informazio gehiago: https://www.parasol-godon.fr/
Joan den urteko dantzaldietako kronika eta argazkiak hemen