Omenaldia Juaristi eta Zabaletari
Partida hasi aurretik Jesus Juaristi eta Joseba Zabaletaren alde minutu bateko isilunea gorde da. Jesus Juaristi 70eko hamarkadan Aloña Mendi K.E.ko jokalari izan zen, eta gaur egun lehen taldeko jokalari den Josu Juaristiren aita zen. Joseba Zabaleta, berriz, Infantil Txiki taldeko Ioritz Zabaletaren aita zen.
Kronika
"Lehen zatiko lehen minutuetan oñatiarrek eraginkortasun handia erakutsi dute. Izan ere, 4. minuturako Jon Ander Kortabarriak Olanoren atea zulatzea lortuta zeukan. Handik bi minutura, Aritz Zabaletak atearekiko 35-40 metrotik jaurtiketa indartsua egin du, eta baloia "eskuadra-eskuadratik" sartu da. 10. minutuan Aloñakoek beste aukera garbi bat izan dute 3 eta 0koa lortzeko, baina ez dute asmatu. Hortik aurrera arrasatearrek lerroak aurreratu dituzte, eta markagailuan hurbiltzen ahalegindu dira. Atsedenaldirako 5 minutu falta zirenean, Mondrakoek 2 eta 1ekoa lortzear egon dira, baina baloiak langa jo du.
Bigarren zatia nahiko motela izan da. Oñatiarrak zuten aldea eusteko asmotan irten dira, eta arrasatearrak, berriz, golen bat lortzera, markagailuan hurbiltzeko. Zati honetako lehen ordu erdian ez da aukera aipagarririk sortu, ez ate batean, ez bestean. Ordu erdia bete denean Mondragon taldekoek aukera ederra izan dute, baina Mikel Aginagaldek gola eragotzi du geldiketa bikain batekin. Azken minutuak Mondrakoenak izan badira ere, oñatiarrek garaipena lortu dute, eta horrek sailkapenaren buruan egoteko aukera ematen die", kontatu dute Aloña Mendiko taldekideek.