Arantzazu Gaur Fundazioak eta Jorge Oteiza Fundazio-Museoak elkarlanean arkitektura lantegia eskaini die neska-mutikoei gaur goizean Arantzazuko Gandiaga Topagunean. Donostiako Maushaus estudioko adituen esanetara jardun dute lanean behin basilika ezagututa: "Amabirjinaren agerraldia nola izan zen azaldu diegu lehenengo, eta gero, bisita gidatua egin dugu. Eskultoreen kasuan, Jorge Oteizaren eta Eduardo Txillidaren lanak goraipatu ditugu. Pintoreak ezagutzeko kripta bisitatu dugu, eta Nestor Basterretxea, Lucio Muñoz eta Alvarez de Eulateren beirateria ikusi ditugu. Eta Saenz de Oiza eta Laorga arkitektoak ere ezagutu ditugu", adierazi du lantegiaren arduradun Juan Biainek.
Hiru taldetan banatu dira ondoren umeak: arkitektoak, eskultoreak eta pintoreak. "Batzuek, arkitektoek, maketak osatu dituzte, eta gero, beste artistei non egin lanak zehaztu diete. Eskultoreek arantzak osatu dituzte eta apostoluak jarri, esaterako. Eta beste batzuek pintoreen lanak egin dituzte, beirateria, esaterako eta erretaula osatu".
Neska-mutikoek "gustura" jardun dute lanean eta oso pozik agertu dira emaitzarekin. Bukaeran, gurasoei erakutsi diete egindakoa.