Nerabeen substantzien kontsumoa berbagai

Imanol Beloki Unamuno 2018ko api. 12a, 15:16
Hitzaldiaren antolatzaileak San Juan de Dios ospitalean batu dira aste honetan gaiaz hitz egiteko.

Apirilaren 18an, eguaztenean, Eta orain, begiratu beste alde batera! hitzaldia izango da, Zaldibar antzokian, 18:00etan. Nerabeen artean izaten diren substantzien gehiegizko kontsumoaz hitz egiteko eta kezkak partekatzeko aukera izango da.

Nerabeen artean izaten den substantzien gehiegizko kontsumoaren gaineko hitzaldia izango da. Abiapuntua dago Aretxabaletako UDA kirol elkarteak eta Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalek elkarlanean San Juan de Dios Ospitalearekin hasitako esperientzian.

Hala, apirilaren 18an, 18:00etan, Eta orain, begiratu beste alde batera! hitzaldia izango da Zaldibar antzokian. Gazteleraz izango da saioa, eta San Juan de Dios Ospitaleko Emilio Martin psikologo klinikoa izango da azalpenak ematen. Hitzaldia irekia den arren, izena ematea komeni da, antolakuntza lanak errazte aldera. Horretarako, gazteria@eskoriatza.eus helbide elektronikora mezu bat idatzi edo 943 71 46 88 telefonora deitu beharko da. 

Parte hartzeko modua

Hitzaldian parte hartzeko modu horiez gain, Doodle plataformara zuzentzen duen esteka bat dago Eskoriatzako udal webgunean, eta bertan eskatzen dena betetzea eskatu dute antolatzaileek, hitzaldira zenbat pertsona joango diren jakiteko. Saio horretan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Udalak, informatuta egotea denon ardura dela gaineratuta.

Datuak abiapuntu

Eguazteneko hitzaldiaren abiapuntua Eskoriatzako eta Aretxabaletako nerabeei egindako alkoholaren eta beste droga batzuen gaineko inkesta bat da, eta, hain zuzen ere, datu horiek erreferentzia izanda, bi herrietako ikuspegia islatzen saiatuko dira.

Familiaren eragina

Proiektuak nerabearen garapen positiboaren eredua hartzen du erreferentziatzat. Eredu horrek nerabearen ongizatean jartzen du ardatza, eta ongizate pertsonala eta soziala izateko beharrezkoak diren trebetasunak, jokaerak eta gaitasunak lantzea du helburu. Familiak nerabeengan eragin handia dauka, bertan ezartzen baitira ohiturak, arauak eta trebetasunak. Familiak dauka gazteak etorkizunean izango direnaren giltza eta nerabeen ongizatean eragiteko gaitasun handiena.

Horiek horrela, gai horiei buruz hitz egiteko Zaldibar antzokian antolatu duten hitzaldian parte hartzeko gonbidapena egin dute antolatzaileek; batez ere, nerabeak dituzten Eskoriatzako gurasoei. Bertan, nerabeekin landutakoaren berri emango dute eta gurasoek dituzten kezkak konpartituko dituzte San Juan de Dios Ospitaleko teknikariekin batera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak