'Debagoieneko pastoriek' argazki lehiaketa, laugarrenez martxan

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko api. 10a, 09:26
Iazko lehiaketako argazki parte-hartzaile bat.

Debagoieneko mankomunitateko turismo departamentuak martxan jarri du Debagoieneko pastoriek argazki digital lehiaketa. Debagoieneko artzaintza gai nagusitzat duen lehiaketa, laugarrenez antolatu dute aurten. Edonork parte hartu dezake eta gehienez hiru argazki bidali ditzake partaide bakoitzak.

Bailarako gazta ekoizleek osatzen duten Debagoieneko Pastoriek Taldeak azken urteotan hainbat promozio jarduera antolatu dituzte. Taldeko kideek elkarlanean antolatuko duten hurrengo ekintza Debagoieneko Artzainen 6. eguna izango da; ekitaldi horren baitan kokatzen da argazki lehiaketa.

Argazki lehiaketa

Apirilaren 18a izango da argazkiak bidaltzeko azkenengo eguna (12:00ak arte). Argazkiak bailarako herrietan ateratakoak izan beharko dute; Antzuolan, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan edo Oñatin.

Hiru argazki bidali ahalko dira gehienez partaideko; digitalki eraldatutako argazkiak onartuko dira, baina ez fotomuntaketak. Edonork bidali ditzake argazkiak; hala ere, salbuespen moduan, antolatzaileekin harreman zuzena dutenek ezingo dute parte hartu.

Sariak

Lehiaketan parte hartzeko jasotako argazkiak mankomunitateak Facebooken daukan orrian jarriko dira, argazki galeria bat osatuz. Bertan egingo da bozketa, argazkiek jasotako atsegin dut bakoitza boto bat izango delarik. Maiatzaren 3an, 12:00etan amaituko da bozkatzeko aukera eta irabazlea izendatuko da.

Horretaz gain, boto gehien jaso dituzten 20 argazkiak Elgetan egingo den erakusketa batean egongo dira ikusgai. Egun horretan, jendeak paperezko botoaz zuzenean bozkatzeko aukera izango du 10:00etatik 12:00etara.

Hiru sari banatuko dira:

1. Facebook galerian atsegin dut gehien jasotako argazkiak ondorengo saria izango du: Debagoieneko  Jardunaldi Gastronomikoko menua (bi pertsonentzako bazkaria edo afaria) eta bertako produktuen sorta.

2. Maiatzaren 6an,  Elgetan egingo den helduen mailako erakusketan, paperezko boto gehien jasotako argazkiak ondorengo saria izango du: Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoko menua (bi pertsonentzako bazkaria edo afaria) eta eskutik produktu sorta.

3. Maiatzaren 6an,  Elgetan  egingo den erakusketan, zuzenean paperezko botoa emandakoen artean zozketa bat egingo da ondorengo saria banatzeko: bertako produktuen sorta.

Argazkiak Facebookeko galerian agertzeaz gain, lehiaketaren ondoren mankomunitateak Flickr sarean duen kontuan ere jarriko dira. 

 

Informazio gehiago: turismodebagoiena.eus

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak