Hamargarrenez dator Goiaz! azoka, eskualdeko enpresen presentziarekin

Mirari Altube Arrese 2018ko api. 9a, 17:30

Apirilaren 17an eta 18an egingo da Arrasaten, Kulturateko klaustroan, Debagoieneko Lanbide Heziketaren azoka, Goiaz!. Dagoeneko hamar urte dira Debagoieneko Mankomunitatea, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeekin batera eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, ekimen hori antolatzen hasi zela, eta aurtengoan eskualdeko enpresak ere gonbidatu dituzte.

"Helburu nagusia, hasieratik izan da, Lanbide Heziketa ezagutzera ematea eta lan-merkaturako balizko aukera bezala aurkeztea; bereziki gazteei, baina baita langile, guraso eta orokorrean herritarrei ere", jakinarazi dute mankomunitateko kideek, eta datu batzuk ere eman gura izan dituzte: "Milaka dira Kulturateko klaustroan jartzen diren standetatik pasatutako bisitariak, eta badirudi, pixkanaka, emaitzak lortzen ari garela; Lanbide Heziketa ikas daitekeen eskualdeko zazpi ikastetxeetan 1.120 ikasle daude matrikulatuta, 30 ziklo desberdinetan".

Lanbide Heziketaren ezaugarriak

Lanbide Heziketak ibilbide eta aukera guztiak zabalik uzten dituela gaineratu dute;unibertsitatean jarraitzeko, edo alderantziz, unibertsitatetik lanbide heziketara joateko, erdi-mailako zikloetatik goi-mailakoetara pasatzeko, edota Dual sistemaren bidez, enpresan lan egin bitartean, Lanbide Heziketa ikasteko. "Azken urte hauetan ezagutu ditugun esperientziek horixe erakutsi digute, hain zuzen".

Lanbide Heziketak duen beste ezaugarri bat ere azpimarratu gura izan dute: enpresarekin duen harreman estua. "Lanbide Heziketak bi urtetan lanerako prestatzen ditu pertsonak, eta hainbat ziklotan laneratzea %100a da; harreman estu hori islatzeko, aurten, Goiaz! azokara enpresen presentzia ere ekarri nahi
izan dugu. Eskualdeko hainbat enpresek dituzten langile beharrak zeintzuk diren azalduko dute, lan eskaintzak publikatu eta lan-elkarrizketak bertan eginez".

Lanbide Heziketako ikastetxeez gain, prestakuntza eta enplegu-zerbitzuak eskaintzen dituzten eskualdeko beste hainbat erakundek ere parte hartuko dutela azokan iragarri dute.

Egitaraua

Apirilak 17, martitzena

  • 09:30, Debagoieneko enpresek ze profil bilatzen dituzte? Aurkezpenak: Enpresa industriak eta zerbitzu enpresak.
  • 11:00, Hautaketa-elkarrizketak enpresekin (izena aurrez eman behar da)
  • 17:30 Lanbide Heziketa laburrean lehiaketaren sari banaketa ekitaldia

Gurasoendako (15-19 urte bitarteko seme-alabak dituztenendako, aurrez izena emanda); hitzaldiak Kulturateko areto nagusian:

  • 18:30, Bisita gidatua euskaraz
  • 18:30, Bisita gidatua gazteleraz
  • 19:00, Solasaldia: Nik ere Lanbide Heziketa ikasi dut


Apirilak 18, eguaztena

9:30-12:30 Tailerra (Biteri gela, aurrez eman behar da izena): Lan egiteko bigarren aukera. Lan merkatura itzulera

Izen-ematea beharrezkoa den kasuetarako hona hemen bideak: airizar@debagoiena.eus eta 943 79 30 90.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak