Rezustak zintzotasunez, eta autokritika zorrotza eginda erantzun dio Euskadi Irratiko esatari Haritz Gallastegiri: "Gaur dena egin dut txarto. Elezkanok nahikoa egin du egindakoarekin, 4. edo 5. koadrotik sartu behar zuen airez, eta hor ez dago miraririk egiterik. Nik, berriz, ez dut inongo momentuan gozatu. Huts asko egin dut, eta emateko moduko pilota izan dudanean ere ez dut gozatu. Uste dut norberak egindako lanarekin kritikoa izatea ona dela, eta gaur horixe tokatzen da, partidu txarra egin dudala esatea. Pena, izan ere txapelketako partidu garrantzitsuenean egokitu zait halako egun txarra".
Bada, herrikideek ere pena hartu dute urdinek egindako partiduarekin. Gogoan izan behar da, baina, Rezusta hirugarren urtez jarraian iritsi dela finalera: "Aurrera begira jartzeko datu garrantzitsua da hori, finalak galtzeko hor egon beharra dagoelako, jokatu egin behar dira. Baina, gaurko egunean ezer gutxirako balio dit horrek".