Oztopo Trialsin Taldekoak zapore gazi-gozoarekin geratu dira gaur Aretxabaletan antolatutako Gipuzkoako Txapelketako azkenaurreko probarekin. Atzo zirkuitua sikuan prestatu zuten, jakitun gaur euria egingo zuela: "Zirkuitu erraza jarri genuen, jakinda euria egingo zuela ez zuelako zentzurik zailtasun handirik jartzea. Baina, hala ere, gaur oztopoak errazagoak jarri behar izan ditugu, sortu den lokatzara guztiarekin pilotuak ezinean ibili direlako". Eta ez da maila faltagatik izan, besteak beste iaz Munduko Txapelketan hirugarren sailkatu zen Jon Areitio izan delako proban –hark irabazi du–: "Zirkuitua egokitu egin beharko genuke, trialsinak indarra har dezan lanean gabiltzalako, baina laguntza behar dugu horretarako. Izan ere, hartxintxarra botata, esaterako, lokatzak ez du horrenbeste traba egiten", dio Muruak.
Gaztetxo kopuruarekin, oso pozik
"Euriak proba goitik behera baldintzatu badu ere, oso pozik geratu gara txapelketara etorri den gazte kopuruarekin. Guraso asko gerturatu zaizkigu telefono zenbaki eske, seme-alabak gustura ibili direla ikusita. Horrek asko poztu gaitu. Bada, jakin dezatela Facebook sare sozialean Oztopo Trialsin Taldeko orria daukagula, eta bertatik jar daitezkeela gurekin harremanetan. Bestalde, zapatu goizetan normakean hemen ibiltzen gara, entrenatzen".