Aste Santuan umeendako aisialdi eskaintza eman dutenek, balorazio positiboa egin dute

Amaia Txintxurreta Guridi 2018ko api. 8a, 17:05

Aisialdi eskaintza zabala izan dute umeek eta gaztetxoek Debagoienean, Aste Santuko eta Pazko Asteko opor egunetarako. Oñatin, Txaloka ludotekatik antolatu dituzten ekintzak modu positiboan baloratu dituzte. Arrasateko Txatxilipurdikoak ere, pozik gelditu dira herrian izan duten erantzunarekin.

Aste Santurako eta Pazko Asterako aisialdi eskaintza zabala izan dute haur eta gaztetxoek Debagoienean. Azken ekintza, egubakoitzean egin zuten Oñatin, Txaloka ludotekak antolatutako joko berezian; Makedo eraikuntza jokoan ibili ziren bi eta hamaika urte bitarteko 70 ume inguru, Foruen Enparantzan. Txaloka ludotekako hezitzaile Ane Ugartek azaldu zuen umeak kartoiekin eta beste hainbat materialekin, etxeak, trenak edota autoak eraiki zituztela gaztetxoek, eta pozik zeudela.

Dena dela, bestelako ekintza batzuk ere izan dituzte egunotan; Piraten Eguna, Birziklatuz Sortu tailerra, letxuga landaketa edota eskulanak egin dituzte, eta oso pozik gelditu dira oñatiarrengandik jaso duten erantzunarekin.

Arrasaten ere, pozik

Positiboki baloratu dituzte baita ere, esaterako, Arrasaten Txatxilipurdik antolatutako ekintzak. Bertako Haur Saileko koordinatzaile Amaia Garaik adierazi du oso gustura ibili direla umeak egin dituzten ekintzetan eta eurek balorazio positiboa egiten dutela.

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6.era bitarteko hogei haur adibidez, Hondarribiko aterpetxean izan ziren bi gau pasatzen. Eta sukaldaritza tailerra, mural eta aurpegi margotzeak, edota Kurtzetxikira mendi irteera egin dituzte Arrasaten gelditu ziren gaztetxoek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak