Gaurko etapa Gasteizen hasi da eta Eibarren amaitu. 164,7 kilometroko lasterketan Astana taldeko Omar Fraile izan da azkarrena. Harekin batera sartu dira helmugan Primoz Roglic liderra eta Jon Izagirre, besteak beste. Etapa polita izan da, bizia, eta bailarako zaleek ziklismoaz gozatzeko parada izan dute.
Esprint berezia Bergaran
Bosgarren etapa hau Debagoienetik pasa da. Aramaion sartu da bailarara eta Bergaratik irten. Gainera, Bergaran, esprint berezia izan dute txirrindulariek. Azkarrena Hindley izan da –3 puntu–, bigarren Fraile –2 puntu– eta hirugarrena McCarthy izan da –puntu bakarra–.
Bergaratik Elosuarako bidea hartu dute. Bigarren mailako mendatean gora Movistarrek erritmo bizia jarri du, eta tropel buruan jarri dira. Elosuako gainean azkarrena Padum izan da.
Sailkapen nagusia
Gaurko etaparen ondoren bi euskaldun sartu dira sailkapen nagusiko podiumean: Mikel Landa eta Jon Izagirre. Primoz Roglic dago sailkapeneko buruan, Landa 1:58ra dago, eta Izagirre 2:13ra.
Bihar azkeneko etapa
Bihar amaituko da Itzulia Eibar eta Arrate artean jokatuko den etaparekin. 122,2 kilometroko lasterketa izango da, eta bihar ere bailaran egingo dituzte kilometro batzuk. Elgetatik sartuko da lasterketa eta Osintxutik irtengo da. Hortaz, bailarako zaleek bihar ere ziklismoaz gozatzeko aukera izango dute.