Ipintzako harmailak goraino bete ziren emakumezkoen torneoa ikusteko. Kadete mailako jokalari onenak batu ziren bertan, eta Gipuzkoako selekzioan, esaterako, gaur egun Eibarren, Añorgan, Bergaran, Goierrin edo Tolosan jokatzen duten emakumezkoak batu zituzten. Tartean ziren Eibarren jokatzen duen Elena Guridi oñatiarra, eta Bergaran jokatzen duen Ane Larrañaga: "Halako partiduak politak dira, gure artean elkar ezagutzeko balio dute eta lurraldeko selekzioarekin jokatzea beti da ederra", adierazi zuten ibarreko ordezkariek –GOIENA telebistak erreportajea eskainiko du arratsaldeak emandakoarekin–.
Gipuzkoako selekzioa, hobeto
Lehenengo partiduan Arabak eta Bizkaiak neurtu zituzten indarrak (2-1), eta bigarren partiduan Gipuzkoa eta Araba izan ziren nor baino nor gehiago. Etxekoei kosta egin zitzaien partiduan sartzea, arabarrek dagoeneko lehenengo partidutik martxa hartuta zeukaten-eta. Baina, minutuak aurrera joan ahala baloiaren jabetza hartu eta gol aukerak sortzen hasi ziren, golak etorri ziren arte (3-0). Arratsaldeko hirugarren partidua, berriz, 1-0 irabazi zuten gipuzkoarrek, lurralde bereko federazioaren 100. urteurrena behar den moduan ospatzen hasteko.