Semeak egindako lehen sorospenei esker dago onik Aitor Mujika bergararra. "Hori esan digute medikuek, mugitu izan bagenu...", dio Mikel semeak ospitalera bidean. GOIENAko galderei erantzun die momentu gogor hauetan, ardura handiko egunak pasa eta gero medikuen azken albisteen ondoren arnas apur hartuta.
Kostaldeko errepidetik bueltan
Eguen Santuan bizikleta buelta eman eta kostaldeko errepidetik Benidormera bueltan zirenean izan zuten auto batekin istripua, Alteako sarreran: "Aita kolpea hartu eta konorte barik geratu zen, eta horri esker ez zen askorik mugitu. Jarraian, lurrean zela lepoa inmobilizatu nion Larrialdi Zerbitzuetakoak iritsi arte. Orduan lepokoa jarri zioten, eta ospitalera eraman zuten".
Benidormeko ospitalera lehenengo, eta hiriburura gero, Alacantera: "Lepoko hezurrak apurtu baditu ere gorputzeko sentsibilizazioa ez du galdu, eta hainbat egun geldirik egon eta gero, probako emaitzekin esan digute ondo errekuperatuko dela, baina lepoko hezurrak soldatzeko denbora beharko duela".
Bada, etxekoek eskerrak eman gura dizkie egunotan eurekin hartu-emanetan jarri diren lagun guztiei.