Herritarren "kontzientziazioa eta sentsibilizazioa" da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan eta horren baitan Salto! Udalerri euskaldunetako udalekuak antolatu dituzte lehen aldiz. Udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko 50 gaztek elkar ezagutzeko aukera izango dute. Zestoako Sastarrain baserri eskola eta aterpetxea, herrigunetik kilometro eta erdira kokatzen da.
Miren Dobaran sailburuordeak adierazi duenez, gazteen ahalduntzean, kontzientziazioan eta hizkuntza ohituretan ere eragin nahia dute: "Etorkizuna iraunkorra izateko ezinbestekoa da erabilera trinkotzea. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek berebiziko garrantzia dute horretan. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek. Horiek eragile aktibo bihurtzea oso garrantzitsua da erabilerari eusteko, eta hori da udaleku hauekin lortu nahi dena".
Izena emateko epea eta modua
- Izena emateko epea martxoaren 19an hasiko da, eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik.
- Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbidera idaztea edota 943 81 66 99 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) nahikoa izango da.
- 249 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak.
- Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat 10 leku gordeta egongo dira eta beste 40 lekuetarako zozketa egingo da, kopuru hori baino gazte gehiagok ematen badute izena eta beti ere, lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta. Zozketa egin behar izanez gero, UEMAk maiatzaren 14an jakinaraziko die gazteei lekua egokitu zaien ala ez.