Trafiko Zuzendaritzak operazio berezia aktibatuko du Aste Santuan zehar

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 26a, 13:19
Argazkia: Trafiko Zuzendaritza.

Gidatzean arreta-galtzeak saihesteko mezua indartu nahi du Trafiko Zuzendaritzak Aste Santuko trafiko dentsitatearen igoera dela eta. Euskadiko errepideetan 488.000 joan-etorri espero dira, iaz baino % 4 gehiago, baldintza meteorologikoak onak badira. Operazio berezia martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean egongo da indarrean. 

Euskadiko Trafiko Zuzendaritzak jakinarazi duenez, Euskadin arreta-galtzea da arrazoi nagusia hildakoak eragiten dituzten istripu kasuen % 30ean, eta zauritu larriak eragiten dituztenen % 40an.

Datuei dagokienez, 2016an jarritako salaketa guztien % 0,70 (2.096) arreta-galtzeengatik jarri ziren (Zirkulazio Erregelamendu Orokorreko 3.1 eta 18.1 artikuluak), eta 2017an % 0,71 (2.323). 2017an hiru kanpaina egin ziren, kanpaina horietan 2.041 kontrol egin ziren eta kontroletan 4.917 ibilgailu gelditu ziren. Guztira 759 salaketa edota arau-hauste egin ziren.

Hori dela-eta, Trafiko Zuzendaritzak esfortzuak horra zuzendu nahi ditu Aste Santuko operazio berezian, eta Gidatu, besterik ez? lelopean kontzientziazio-kanpaina abiatu zuen pasa den egubakoitzean.

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak adierazi duenez, "Prebentzioan jarri nahi da arreta, eta gidariari ikusarazi nahi zaio aukeratu dezakeela, eta gidatu besterik ez egitea aukeratu dezakeela. Arreta-galtzeak azpimarratu nahi izan dira, trafiko-istripuen % 32tan errepikatzen den faktorea delako".

Aste Santuko operazio berezia

Martxoaren 28tik apirilaren 2ra bitartean ibilgailu-dentsitaterik handiena izaten den puntuetan auto-ilarak minimizatzeko neurri bereziak hartuko dira. Trafiko Zuzendaritzak esan duenez, Ertzaintzako trafikoko berrehun agentetik gora arituko dira errepide nagusietako trafikoa zaintzen.

Zirkulazio-intentsitaterik handieneko puntuak honakoak izango direla aurreikusten da, irteera eta itzulera operazioetan, batez ere: A-8, Kantabriako mugan; AP-8, Biriatuko ordainlekuan; eta AP-1ek A-1ekin bat egiten duen puntua, Armiñongo lotunean. 

Bestalde, datorren asteazkenetik Pazko astelehenera, Irungo eta Zarauzko kabinetan langile gehiago arituko dira espero den zirkulazioa arintzeko. Era berean, Gipuzkoako Foru Aldunditik jakinarazi dutenez, zirkulazioa errazteko, bi autobideetan egiten ari den lanak bertan behera utziko ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak