Ford Mugarri eta Fagor Industrial etxeko lanak eginda doaz derbira

Iker Oñate 2018ko mar. 24a, 21:31

Ford Mugarrikoak, Urdulizen kontrako partidua bukatuta. Argazkia: Imanol Soriano.

Asteburu erabakigarria zuten Ford Mugarri eta Fagor Industrial eskubaloi taldeek. Eta kantxan erakutsi dute hori. Erraz gailendu dira bi taldeak: 38-26 irabazi dute Arrasatekoek; eta, 19-31, oñatiarrek. Beraz, ibarreko bi ordezkari izango ditu Lehen Maila Nazionalera igotzeko aurre-faseak.

Etxean jokatzea zegokien Ford Mugarri taldekoei, eta, esan ohi da, ez dagoela lorpenak herrikoen beroarekin erdiestea baino hobeagorik. Bada, gaurkoan dastatu dute esperientzia, 38-26 irabazita. Jakin bazekiten partidu garrantzitsua zutela Urdulizen kontrakoa. Eta lehen minutuan hartu dute gorako bidea. "Eroso jardun dugu hasieratik, gura moduko errentarekin", aitortu du Josu Herrerok, Ford Mugarriko kapitainak.

Modu horretan, Lehen Maila Nazionalera igotzeko aurre-faserako txartela lortua dute Arrasatekoek; bertan erabakiko da nork jokatuko duen behin betiko fasea. "Gustura gaude. Oraindik bi partidu ditugu jokatzeke, eta lortua dugu helburua", dio Herrerok. Sailkapenean aurrera egiten saiatzea dagokie orain: "Oraindik bigarren postuan buka dezakegu txapelketa". Gaur-gaurkoz, hirugarren postuan dira arrasatearrak

Fagor Industrial ere aurre-fasean

Esan moduan, Fagor Industrialek ere lortu du helburua. "Gogor irten gara kantxara, irabazteko gogoz. Bagenekien Ordiziak galdua zuela Basauriren kontrako partidua, eta garaipenarekin aurre-faserako txartela lortuko genuela. Lortu dugu. Pozik gaude, beraz", azaldu du Mikel Agirrek, Fagor Industrialeko kapitainak. Gaurkoan Donibane zuten aurkari.

Dena den, oñatiarrek ere ez dute bukatutzat eman txapelketa: "Ahalik eta goren amaitu gura dugu. Eta arrasatearren aurkako derbia irabaztea litzateke lehen urratsa". Puntu bakarreko aldea dago bi taldeen artean; beraz, irabaztekotan, oñatiarrena litzateke hirugarren postua –laugarren sailkatuak dira orain–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak