Zinegoak jaialdiko bost film ikusgai, Aramaioko kultura etxean

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 23a, 10:26
'Tarde para el recreo' film laburreko irudi bat, bihar eskainiko den filmetako bat. Argazkia: Zinegoak.

Nazioarteko LGTB zine jaialdiak 15. edizioa izan du aurten, eta urtero moduan, jaialdian aurkeztu diren hainbat lan herriz herri eskaintzen ari dira; hori dela eta, bost film labur eskainiko dituzte bihar –zapatua– kultura etxean, 21:00etan hasita.

Zinegoak erreferente bilakatu da nazioarteko LGTB jaialdietan gaur egun. Urtero 100 lan baino gehiago proiektatzen dira, gehienak nazioarteko jaialdietan sarituak izan direnak. 15. edizio honetan barne aldaketak egon dira. Izan ere, orain arte egindako lanaren ostean, Hegoak Elkarteak lekukoa utzi dio Zinegoak Elkarteari, eta, aurrerantzean, elkarte horrek antolatuko du jaialdia.

Aramaion izango den eskaintzari erreparatuta, bost film labur izango dira ikusgai: I am a Sheriff; Sirene; Little Potato; Tarde Para el Recreo eta Princesa de Hielo.

I am Sheriff

I am Sheriff lanak gazte batek Lesothoko erreinu menditsuan egiten duen bidaia jarraitzen du, herrixka, eskola eta urruneko komunitateetan bere pelikula erakutsiz. Genero femeninoa ezarri zioten Sheriffi jaio zenean, baina filmean amonak dioen bezala, ez zituen soinekoak gustuko, eta nahiago zuen mutilekin jolastu. 30 minutuko iraupena du. Euskarazko azpitituluak ditu –sothoeraz da jatorrizko bertsioa, Lesotho herrialdeko hizkuntzan–.

Sirene

Nahasmenaz, laguntasunaz eta zu zeu izateaz hitz egiten duen filma da Sirene. 26 minutuko iraupena du eta jatorrizko bertsioa nederlandera den arren, euskarazko azpitituluak ditu.

Little Potato

Perestroikako urte nahasietan, SESBean bizirauteko borrokan, Elenak eta homosexuala den bere seme gazteak pirateatutako film estatubatuarretan aurkitzen dute ihesbidea. Baina laster, filmak ez dira nahiko izango eta Elenak “enkarguzko emaztea” izatea erabakiko du, Amerika gertutik ezagutu ahal izateko. Istorio autobiografikoa da, inspiratzailea eta aproposa. 13 minutu irauten du eta euskarazko azpitituluak ditu –jatorrizko bertsioa ingelesez da–.

Tarde Para el Recreo

Futbolean entrenatzen ari direla, gola sartu eta sutsuki ospatuko dute bi lagunek. Horren ondorioz, haietako batek ezusteko erreakzioa izango du. 20 minutuko iraupena du eta gaztelaniaz eskainiko da.

Princesa de Hielo

Antonio eta Carmenek euren semeak erregeei idatzitako gutuna irakurriko dute. Opari berezi bat egongo da, gurasoen ideiak eta maitasuna zalantzan jarriko dituena. 15 minutu irauten du eta gaztelaniaz izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak