'Alfa-Edesa-Geyser ez itxi' lelopean egin zuten atzo manifestazioa Eibarren

Itziar Larrañaga Sarasola 2018ko mar. 23a, 09:37
Atzo Eibarren egindako manifestazioko momentu bat.

Enpresarien "diru-gosea eta zabarkeria" direla-eta, "ehunka familia kalean" gera daitezkeela salatu zuten Edesa Industrial, Geyser Gastech eta Alfa Taldeko ordezkariek, atzo Eibarren elkarrekin egindako manifestazioan. Era berean, gogora ekarri nahi izan dute hiru enpresak "erreferentziazko industria" izan direla "aspalditik Deba eskualdean".

"Gasteizko gobernua sor eta gor" gelditu dela kritikatu dute Edesa Industrial, Geyser Gastech eta Alfa Taldeko ordezkariek. Halaber, enpresen itxierak eragindako "drama sozialak" kontuan hartzea eskatu dute. Esan dutenez, "hiru enpresek errealitate eta ibilbide desberdinak dituzte, baina hiruetan jokabide bera errepikatu da, Euskal Herriko enpresa-jardueretan gero eta ohikoago bihurtzen ari dena". 

Hiru enpresa-batzordeetatik bidalitako mezua -ELA eta LAB sindikatuak-

- Hiru enpresetako kudeaketa erabat iluna izan da. Proposatu diren industria-planak ez dira batere sinesgarriak izan. Askotan ezin gauzatuzko iragarpenetan oinarritu dira, eta helburu nagusia zuzendaritzaren ongizatea izan da beti.

- Esandakoaren adibide gisa aipatzekoa da Alfa Taldeko Administrazio Kontseiluko kideen eragiketa, zeinaren bidez lehendik murriztuak izan ziren langileen soldata igotzeari ukatzearen jarraian 2,2 milioi euro etekinetan banatu baitzituzten. Gaurko egunean Zuzendaritza inork ez aurkitzeko moduan dago. Alfa enpresak 100 urte bete dituen honetan etorkizun ziurgabea du. Izan ere, enpresa 800 lanpostukoa izatetik oraingo 160 izatera jaitsi da.

- CNA Group-ek Edesa Industrial bereganatu zuen 2014. urtean, Jorge Parladé buru zela. Harez geroztik aurreranzko ihes zoro batean murgildu dira, eta bai bertako langileei, bai iritzi publikoari gezurren segida etengabea kontatu diete. Enpresak Fagor Electrodomésticos hartu zuen, eta lau urteren buruan 850 langileko plantilla izango zuela azaldu zuen. 2017ko otsailean Asiara, Ekialde Hurbilera, Afrikako Iparraldera hedatuko zela iragarri zuten. Handik hilabete gutxira bideragarritasun-plan bat aurkeztu zuen, pertsonalaren murrizketa nabarmenekin. Haien planek ez dute sinesgarritasunik txikiena ere. Gainera, taldearen benetako egoera ekonomikoa ezagutzea biziki zaila da, helbide fiskal ugariak eta kontuen opakutasuna direla-eta.

- Enpresen jokabide horiek zoritxarrez ohikoak badira ere, euskal erakundeen jarrera guztiz gaitzesgarria da gure irudiko, enpresarien inpunitatea sustatzen baita. Izan ere, euskal erakundeek ez dute inolako kontrolik egiten, nahiz eta enpresa-jokabide horiek, arbuiagarriak ez ezik, zigor-arlotik pertsegitzeko modukoak ere izan. Hor ditugu, adibide gisa, Tapia sailburuaren eta bere ingurukoen topaketak bi enpresetako zuzendaritzekiko. Sailburuak eskertu zien Jorge Parladéri eta CNAri “industria-proiektuan sinesteagatik”, eta Markel Olanok “miraritzat” jo zuen Edesa Industrial abiaraztea. Enpresa-proiektu hori “desindustrializazio”aren aurkako eredua zela adierazi zuen. Arduradun politiko horiek ez dute eragozpenik izaten borroka-sindikalismoa kritikatzerakoan, baina patronala ere zorroztasun berarekin kritikatzea gustatuko litzaiguke. Badakigu hori ez dela gertatuko. Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza elkarlanean aritzen dira patronal eta enpresa-zuzendariekin, Euskal Herria desindustrializatzen badute ere, eta elkar aditze horrek herri-erakundeen kudeaketa lohitzen badu ere.

- Mondragon ek, Edesa Industrialen oraingo egoera zailean izan duen erantzukizuna ere azpimarratu nahi dugu. Ez dute erraztu industria-proiektu berrien  jarraipena. Gainera, Fagor Electrodomésticosen itxiera eragin zuen enpresari-kultura bera agertu dute berriro: langileenganako begirune eskasa eta informazio partziala. Kooperatibako zuzendaritzak betiko ezinikusia dio langileak antolatzeko edozein aukerari.

- Azkenik hiru enpresetan lan egiten dutenen borroka nabarmendu nahi dugu. Azken hamarkadan agerian geratu da, berriz ere, oraingo kapitalismoaren aurrean langileok antolatuta egon behar garela. Sustatu behar ditugun industria-proiektuak ingurumenaren aldetik onargarriak izan behar dira, diskriminaziorik gabeak, eta enplegu duina sortzeko modukoak. Ez patronalak, ezta gobernu neoliberalak ere, ez dira atxikitzen helburu horiei. Guk borrokan jarraituko dugu Alfa Taldearen, Geyser Gastechen eta Edesa Industrialaren biziraupenaren alde. Deba Garaiak eta Eibarrek ezin dute jasan beste lantegi-itxiera bat, ondorioak izugarriak baitira oraingo eta geroko enplegurako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak