Eguaztenean hasi zuten Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 11. edizioa, egitarau betearekin. Aurkezle lanetan jardundako Maider Imazek, Malen Illarramendik eta Julene Etxaurik edizioa inauguratu zuten. Jarraian bi sailetan banatutako film laburrak erakutsi zituzten –MUko ikasleen lanak, batetik, eta Kutixi Saileko lanak, bestetik– eta ondoren, bertaratutako ikusleek lan gogokoenen aldeko botoa eman zuten –gaur banatuko dituzte sariak–.
Egiazkoak diruditen efektuak
Arratsaldean berriz, Handia eta Errementari filmetako efektu berezien sortzailea izan den Drama FX enpresa donostiarrak masterclass berezia eskaini zuen Aretxabaletako Herriko Plazan. Bertaratu zirenek azalpen teorikoen ostean, efektu bereziak gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Bada, batez ere elurrarekin eta suarekin ibili ziren Drama FXeko lagunak jolasean, eta herriko gaztetxoak aho zabalik geratu ziren.
Egun "potoloa", gaur
Gaur, egubakoitza, izango da Huhezinema jaialdiko egun "potoloa". 16:00etan hasiko duten ekitaldian –Arkupen– erakutsiko dituzte Sail Ofiziala irabazteko dauden hautagaien lanak, eta 20:15etatik 21:00etara egingo dute sari banaketa ekitaldia – amaieran luncha eta kontzertua egongo dira–.
Bada, hainbat sari banatuko dituzte gaur: Sail ofizialean finalista bakoitzak 200 euro jasoko ditu, GOIENA saria 1.000 eurokoa izango da –sari nagusia–, Vertigo saria 400 eurokoa, Mundukide saria 700 eurokoa eta Ikusleen saria 300 eurokoa. MUko ikasleen sailean 2.900 euro banatuko dituzte, eta Kutixi sailean beste 1.200 euro.
Huhezinema sarietarako finalistak, Sail Ofiziala:
• Tarde para el recreo (Pablo Malo, 21'24 minutu).
• Kreba (Oier Fuentes, 11'31 minutu)
• La petite mort (Ana Gonzalez eta Andrea Landaluze, 4'23 min).
• Plágan (Koldo Almandoz, 9'58 min).
• Aprieta pero raramente ahoga (David Perez Sañudo, 15 min).
• Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola, 14 minutu).
• Euritan (Irati Gorostidi eta Arantza Santesteban, 20'35 minutu).
• Areka (Atxur animazio taldea, 6'36 minutu).
• Lisbeth (Aitor Bereziartua, 13'52 minutu).