Handia filmagatik Efektu Berezien Goya Saria irabazi berri du Drama FX-ek eta aitzakia horrekin, zinemaren magia eta trikimailuak bertatik bertara ezagutzeko aukera egongo da 2018ko Huhezinema jaialdian.
Datorren eguaztenean egingo da ikastaroa, bi zatitan banatuta; lehena 16:00etan hasiko da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Bigarrena, aldiz, enparantzan instalatuko den platoan egingo da 17:00tatik aurrera, ekintza praktiko eta parte-hartzailea izango da, jaialdiko antolatzaileek azaldu dutenez; "efektu berezien zuzeneko erakustaldia".
Masterclass-a eta ekintza praktikoa doakoak izango dira. Jaialdiko antolatzaileen arabera, "gerturatzen den edozein izango da zinema izar, sortuko diren efektu bereziekin (sua, kea…), argazki eta bideoak egiteko aukera izanez".
Ekitaldi bereziaren jarraipena egiteko hashtag bat ere sortu dute: #huhezinemafx
Drama FX
2008an sortutako enpresa da Drama FX eta Donostian du egoitza. Neurrira eginiko efektu berezi diseinatu eta sortzen ditu: armak eta inpaktuak; arte zuzendaritza, atrezzo eta dekoratuen eraikuntza; hegaldi efektuak eta efektu bereziak. Azken honetan euria, behe-lainoa, elurra edo sua sortzen trebeak dira.
Aipatutako Handia eta Errementari filmetan ez ezik, euskal zinemagintzako beste hainbat ikus-entzunezkotan ere parte hartu dute, besteak beste; Morir, Operación Concha, Amama, Loreak, Lasa eta Zabala, Igelak, Urte berri on, Amona! …