Gaur egin da Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen Batzar Nagusia Iruñeko Kondestablearen Jauregian, lurraldeetako gainerako batzarren ondotik eta horrela azken asteotan izan den batzarren txanda itxiz. 10:30ean elkartu dira ohiko Batzar Nagusiari heltzeko; 73 bazkide agertu dira hitzordura. Abizenez batzarra ohikoa bazen ere, izatez berezia izan da 2018ko Batzar Nagusia.
Izan ere, hamarkada pasako bidearen ondotik, Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta Xabier Gaztelumendi elkarteko idazkaria agurtu egin dira elkarteko beren betebeharretatik; aurrerantzean, bertsolaritza eta elkartearen lana hurbiletik jarraituko badute ere. Belaunaldi ezberdinetako bertsolariez inguratuta agurtu dira eta ohorezko bazkide izendatuta.
Bertsolaritzaren egungo aniztasunarekin bat etorri eta ikuspegi ugariko lehendakaritza modua eskaini asmoz, talde arduran erantzungo zaio aurrerantzean orain arte Iñaki Muruak eta Xabier Gaztelumendik betetako funtzioei. Hala, elkartean ohikoa den elkarlan eta ardurak banatzeko dinamikan, beste urrats bat da honakoa.
Bertsolaritza munduko kide erreferenteak dira guztiak, profil anitzekoak: Eneritz Zabaleta, Igor Elortza, Josu Goikoetxea, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Xabi Igoarekin batera, lehendik ere zuzendaritza kide ziren Arrate Illaro eta Beñat Gaztelumendi izango dira lantalde berrian. Iaz, Bertsozale Elkartearen baitan lehendakaritza ereduari buruz egindako gogoeta prozesuan hautatutako kideak dira.
Talde hau Bertsozale Elkarteak gaur arte izan duen zuzendaritzara batuko da, eta sailetako arduradunekin, Lankuko zuzendariarekin eta lurraldeetako elkarteetako lehendakariekin batera partekatuko dute Bertsozale Elkartearen gidaritza.