Ohorezko Mailan jokatzen du Arrasate-Arlutz xake taldeak. Hor, oso maila oneko jokalariak eta Estatuko puntako xakelariak batzen dira; alegia, nazioarteko maisuak. Eta Arrasate-Arlutzek hor jarraitu gura du, elitean: "Ez da erraza izango, karanbola batzuk gertatu beharko direlako asteburuan. Ohorezko Mailako azken jardunaldia denez, klub guztiak Mirandan batuko gara zapatuan, eta ordu berean jokatuko ditugu partidak", adierazi du taldeko ordezkari Josu Tornayk.
Bi puntu batzea
helburu Joan den astean, debagoiendarrek emaitza ona lortu zuten, Santa Anari 2,5-1,5 irabazi zioten eta: "Baina atzealdeko postuetan ditugun kontrario zuzenek ere lan ona egin zuten, eta biharko jardunaldia erabakigarria izango da. Irungo Batalla izango dugu aurrean, eta, berdintzeko –2 puntu– kapaz bagara, aurrerapauso handia egingo dugu mailari eusteko bidean, gure aurretik dagoen Leioako Altzagak nekez lortuko du-eta puntu erdi; izan ere, liderraren kontra jokatuko dute.
Baina guk badakigu bi puntu horiek batzeko oso ondo egin beharko dugula lan. Edozer gertatuta ere, zapatuan afari batekin ospatuko dugu egindako lana".
"Gozatzen gabiltza"
Tornayk onartu du aurten gogorra egiten ari zaiola txapelketa, baina izugarri gozatzen dabilela: "Aretxabaletako Miguel anaiek merezitako atsedena hartzea erabaki dute aurten, eta igarri egiten da euren hutsunea, batez ere, Fran oso-oso jokalari ona delako. Asier Etxagibel eta biok gabiltza hutsune hori betetzen, eta lehenengo bi tauletan puntako xakelarien kontra gabiltza jokatzen. Kontrarioen maila izugarria da, partidak oso ondo prestatu behar ditugu, eta, hala ere, puntu gutxi batzen gabiltza. Baina, neurri berean, izugarri gabiltza ikasten".