Txakalaldiak jota daude bailarako talde nagusiak. Bergarak lehenengo itzuli ikusgarria egin ondoren azken hamar jardunalditan partidu bakarra irabazi du, eta abenduaren 10etik 7 puntu batu ditu. Eta hain justu egoera antzerakoan dago Aretxabaleta. Velez de Mendizabalen mutilek ere partidu bakarra irabazi dute abenduaren 10etik, eta tarte horretan sei puntu batu dituzte. Emaitza horien ondorioa da bi taldeek atzerapauso nabarmena egin dutela sailkapenean, Aretxabaletak, batez ere.
UDAk sailkapenean erdian dagoen Mutrikuren kontra (Ibarra, 16:30) izango du egoerari buelta emateko aukera, eta Bergarak puntu bat gutxiago duen Amaikak Baten bisita izango du bihar Agorrosinen (16:30).
Mondra, bosgarren
Arrasateko taldea, berriz, ez dabil horrenbeste sufritzen ligako txanpa honetan. Asteburuan 0-1 irabazi zuten Oiartzunen, eta bihar sailkapenean erdian dagoen Real Unionen bisita izango dute Mojategin(16:30).
Leintz Arizmendi: Hilabete gogorra dute aurretik
Leintz Arizmendiko neskek hilabete gogorra dute aurretik, aurrealdean dauden lau ordezkarien kontra jokatuko dute-eta Aste Santura bitartean: "Bai, mailako talde indartsuenak datoz jarraian, baina liga ez da hor amaitzen", adierazi zuen Esti Loitik Pauldarrak taldearen kontrako 0-0ekoaren ostean: "Gainera, horiei ezusteko bat emateko kapaz garela uste dut".