Otxandioko Bizkaiko Koloreak VII. Klasikoa bertan behera utzi behar izan zuten epaileek, lasterketarekin jarraitu ahal izateko anbulantziarik ez zegoelako. Kontua da aurretik egondako istripu baten ondorioz lasterketarako prest zegoen anbulantziak ziklista bat artatu behar izan zuela, eta gainontzekoak anbulantzia barik geratu zirela. Bada, lasterketako azken itzulia bertan behera uztea erabaki zuten, ordurako argi barik geratu zirelako –lasterketa arratsaldez izan zen–. Kadete mailako lasterketa, berriz, ondo egin ahal izan zuten, eta hor Xubane garai lehiatu zen Dorletako Ama ordezkatzen.
Gazteek Errenterian izan zuten hitzordua. Lasterketa gogorra izan zen, gora-behera asko zituelako eta oso azkar joan zirelako, 41 kilometro orduko batazbestekoa egin zuten. 146 txirrindulari irten ziren eta 72 helmugaratu ziren. DorletaKo Amatik lau ziklista izan ziren, eta laurek amaitu zuten lasterketa: Liher Unzueta 19. postuan, Asier Azkarate 34. postuan, Andoni Azkarate 43. postuan eta Iñigo Aranburu 62. postuan.
Kadeteak, berriz, Beasainen egon ziren, XXXVI. Usurbe proban. Enaitz Garai 37. izan zen, eta Unax Sanchez 62. Julen Alcaldek eroriko bat izan zuen eta lasterketatik kanpo gelditu zen.
Amaitzeko, klubak martxoaren 17an aurkeztuko ditu ziklista guztiak.