Askotarikoak izango dira Hurretik saio berriaren protagonistak; batzuk ezagunak, beste batzuk ez hainbeste euren inguru gertukoenetik harago, baina guztiak kontatzeko interesdun gauzak dituztenak. Honela, Kepa Errastiren kasuan, antzezpenerako zaletasuna ogibide bilakatzeko bidea eta bere egungo jarduna errepasatuko ditu saioak, eta ibilbide horretan aretxabaletarraren Mami Lebrun obra izango da hari nagusia –lan horrekin Donostia Antzerki Saria irabazi berri du Errastik–. Horrez gain, bere ibilbidean lekuko eta bidelagun izan dituen eta dituen lagunek ere hartuko dute parte saioan: bere amak, irakasle izan zuen Resu Abasolok, Ainara Ortega eta Ane Pikaza aktoreek eta Xabier Ormazabalek, Xake Produkzioak ekoiztetxeko bere kideak.
Bigarren saioan, berriz, Aitor Montes izango da protagonista. Aramaioko medikuaren osasungintza publikoa euskalduntzearen aldeko lana hurretik ezagutzeko aukera izango da, Donostia Ospitaleko Felix Zubia mediku ezagunaren azalpenak ere jasoz. Horrez gain, eskalatzailea ere bada Montes, eta 2011n Gantzagako Hatxetan izandako istripu larriari buruz jardungo du, hura gertutik bizi izan zuen Oier Kortabarriarekin batera. Eta horrez gain, Aramaio bezalako herri txiki batean, eta bertako auzoetan, mediku izateari buruzkoak, jendearekin harremana, sendabelar kontuak...
Lehenengo bi saioen ostean etorriko dira beste batzuk, Itziar Arkauz, Lotx, pailazo oñatiarrarena, adibidez. Eguaztenetan, 21:00etan eta 23:00etan, Hurretik, Goiena telebistan.