Giro petrala kanpoan, goxoa barruan

Eneko Azurmendi 2018ko mar. 3a, 10:49

Atzo gaueko eguraldi petralari erantzun ezin hobea eman zioten Oñatiko gaztelekuan Nogen eta Anita Parker taldeek. Bakoitzak bere doinu eta estiloarekin, norbere modura, publikoa bereganatzea lortu zuen. Aretoa guztiz bete ez arren, giro goxoa eta gertukoa sortu zen musikaren baitan.

Nogen talde donostiarraren txanda izan zen aurrena. Folk, pop eta indie musika uztartzen dituen talde gazteak zuen onena eman zuen oholtza gainean, eta hori ondo islatu zen jendearen aurpegietan. Musika dantzagarria da boskotearena, eta bertaratutakoek ez zuten aukera hori alperrik galdu.

Publikoa lehen lerroetara hurbiltzeko lana Nora abestiak egin zuen, talde donostiarra ezaguna egin zuen abestiak, hain zuzen. Hortik aurrerako guztia olatu berean joan zen emanaldi amaierara arte. Ikus-entzuleak gustura gelditu ziren emaitzarekin, eta donostiarrek ere eskertu zuten publikoaren berotasuna.

Anita Parkerren txanda izan zen ondoren. Oso bestelako doinuak entzungai. Elektro-swing eta rap estiloak nahasten dituen laukoteak ez zuen hutsik egin eta gaztelekuan geratu zirenek eskertu zuten hori. Iñaki Bengoaren elektronika ukituak ziren nagusi, Ane Martinezen ahots goxoarekin modu bikainean uztartzen zirelarik.

Laburbilduz, goi mailako euskal musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta kanpoan zegoen giro haizetsu eta euritsuari aurre egiteko erremedio bikaina izan ziren bi taldeak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak