Altitoyra: gozatzera eta euren mailan lehiatzera

Xabier Urtzelai 2018ko mar. 2a, 11:20
Marije Zubizarreta eta Lukene Igartua, Altitoy Ternuako irteera puntuan, beste edizio batean.

Asteburuan egingo dute Frantziako Pirinioetan –Luz Saint Sauverren– horrenbeste euskaldun erakartzen dituen mendiko eski lasterketa. Lukene Igartua eta Marije Zubizarreta oñatiarrak laugarren urtez izango dira irteera puntuan.

Altitoy Ternua lasterketa egingo dute asteburuan, eta proba hori Grande Course nazioarteko zirkuituaren barruan dago. Bi kategoria izango dira: A ibilbidean esperientzia handiko eskiatzaileek hartuko dute esku, elite mailakoek, nolabait esatearren, eta hor Debagoienak hainbat ordezkari izango ditu, besteak beste, aurrealdean ibiltzeko hautagai diren Aritz Egea eta Iban Letamendi –Kilian Jornet da faborito nagusia–. Kontua da, baina, B ibilbidean parte hartuko duten 300 lagun pasatxotik, ia %7 debagoiendarrak izango direla, Oñatikoen parte-hartze nabarmenarekin.

Eta, Oñatiko kuadrilla horretatik Marije Zubizarretak eta Lukene Igartuak osatuko dute emakumezko bikotea: "Gure laugarren edizioa izango da lasterketan", dio Igartuak. Urteak daramatzagu Luz-era eskiatzera joaten, eta beti izan dugu Altitoyn parte hartzeko harra. Familia izan eta lehenengo urteetan baztertuta izan genuen ideia hori, baina etxekoak nagusitu direnean animatu egin gara".

"Datorren urtean errepikatzera"

Zubizarretak eta Igartuak irrikaz jantziko dute bihar dortsala, nahiz eta euren borroka ez den aurrean ibiltzea izango: "Gozatzera goaz, helburu nagusia da datorren urtean errepikatzeko gogoz geratzea, hori da seinale ona. Baina bai, parte-hartzaileen artean baditugu gure ondoan ibiltzen diren beste eskiatzaile batzuk, eta horien aurretik geratzen saiatuko gara!", dio, barrez.

Izan ere, lasterketa horretan izena emate hutsak kirola egitera animatzen ditu: "Ez baduzu inon izena ematen ez duzu kirola egiteko denborarik hartzen, baina horrela bai, ahal den lekutik ateratzen da denbora. Gu ez gara itsutzen, baina lasterketara etxeko lanak eginda iritsi gura izaten dugu, korrika eginez, mendira joanez... Gainera, lasterketatik harago, oso giro polita izaten dugu asteburu horretan".

"Gogortasunean dago aldea"

Igartuak A eta B ibilbideen artean dagoen aldea nabarmendu du: "Alde handiena gogortasunean dago. Zirkuitu luzeagoa egiten dute A-n, eta desnibel handiagoa dute. Teknikoki, baina, B-n ere korridoreak izaten ditugu, kranpoiak jantzi eta oinez egin beharreko aldapa gogorrak, jaitsiera teknikoak... Lasterketa ederra da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak