Ohorezko Mailan segitzeko lehian da Arrasate-Arlutz xake taldea, eta bi jardunaldi dituzte jokatzeke. Zapatuan dute lehen hitzordua, Aretxabaletako lokalean –Irala plazan–, Tuterako Santa Ana taldearen kontra, 16:00etan. Eta ohi moduan jardungo dute: Josu Tornayk lehen xake-taulan; Asier Etxagibelek bigarrenean; Aitor Alcaidek hirugarrenean; eta Txema Hernandok, berriz, laugarrenean.
Gaur-gaurkoz, azken postuan dira Arrasate-Arlutzekoak, Abadiñoko xake taldekoekin berdinduta –hamar talde daude, eta bi jaitsiko dira–. Dena den, ez dute amorerik eman, eta azken bi partiduetan goraka egiteko esperantzarekin dihardute: "Ez jaisteko lehian dauden zenbait taldek hitzordu gogorrak dituzte; ahalegin handiak egin beharko dituzte punturen bat eskuratu gura badute. Geuk, ordea, konfiantzarekin dihardugu. Hala, gutxienez, berdinketa bat lortu nahi genuke Santa Anaren kontrako lehian", azaldu du Josu Tornayk, Arrasate-Arlutz xake taldeko kideak. Berdintzekotan, bi puntu lortuko lituzkete –lau puntu daude jokoan–, eta, ondo bidean, zazpigarren sailkatuaren parean hasiko lukete azken jardunaldia; gaur-gaurkoz, Santurtzikoak daude zazpigarren postuan, bederatzi punturekin.
Azken jardunaldia, Burgosen
Martxoaren 10ean emango diote bukaera denboraldiari, Miranda de Ebron (Burgos); Irungo Batalla xake taldea izango dute aurkari. Hain zuzen ere, azken jardunaldia izanda, martxoaren 10ean txapelketako talde guztiek jardungo dute bertan.