Europako txapelketan egon gura du Axpek

Iker Oñate 2018ko mar. 2a, 08:45

Maialen Axpe arrasatearrak Europako aire libreko salto txapelketan jarduteko marka lortu duela zabaldu da asteon. Baina Espainiako Federazioak jakinarazi du bost zentimetro falta izan zaizkiola horretarako. Amore eman barik, hori lortu guran dabil.

Marka pertsonala hobetu du Maialen Axpe pertika-jauzilari arrasatearrak: 4,40 metroko mugaren gainetik egin du salto Espainiako Selekzioak antolatutako kontrol saioan. Eta bost zentimetro besterik ez zaio falta izan Europako txapelketan jardun ahal izateko. Dena den, Axpe "pozik" da lortutakoarekin: "Sekulako lorpena da. Ez nuen espero denboraldiko fase honetan halako jauzia egiteko gaitasuna izaterik. Azken urteetako hobekuntza ikusirik, bagenekien marka ona lortzeko aukerak nituela; baina, esan moduan, ez nuen espero marka hori egitea. Duda barik, horrela segitzea da bidea". Izan ere, marka pertsonala 4,30 metroan zuen ezarria, aire zabalean.

Nahasmen egoera izan zen hasierakoa. Europako aire zabaleko txapelketan jarduteko marka erdietsi zuela zabaldu zen. Hori uste zuen hark ere: "Oraindik saiakera bat falta zitzaidan, eta ez egitea erabaki nuen, gutxieneko marka gainditua nuela pentsatuta. Finean, lesioa ekarri dezake saiakerak. Beraz, tarteka, hobe izaten da saioa bere horretan uztea".

Zehatz esanda, Europako txapelketan jardun gura duenak 4,45 metrotik gora egin behar du salto; eta gutxieneko muga hori 4,40 metroan zegoela uste zuten Axpek eta haren entrenatzaileak. Azaldu duenez, Espainiako Federazioak eskura dituen zenbait dokumentu izan ziren konfusiorako bide: "4,40 metroko gutxieneko muga ageri da horietan. Beraz, barkamena eskatu digute asteon".

Aurrera begira

Hala, aurrera begira jarria da Axpe. Eta helburu berarekin dihardu: Europako aire zabaleko txapelketan jarduteko txartela erdiestea. Orain, burubelarri ari da prestakuntza lanetan. Hain zuzen ere, Iruñean entrenatzen da; eta, Larrabiden, Francis Hernandez entrenatzailearen laguntza du horretarako. "Berdinean segituz gero, hor egongo da Europako txapelketarako sailkatzeko aukera. Dena den, helburua lortzen ez badugu, ez da ezer pasatuko; lanean segituko dugu, orain arte bezala", dio Axpek. Abuztura arte du marka gainditzen saiatzeko.

Proba gehiago ibarreko atletentzat

Asteburuan hitzordua dute ibarreko zenbait atletak. Batetik, Ourensen izango dira Ibai Fernandez eta Andoni Calbano lasterkariak, junior kategorian –pista estaliko Espainiako txapelketa–. Eta, bestetik, Antequeran dute hitzordua gazte mailako Alex Agirianok eta Mikel Agirrek; luzera-jauzian dihardute horiek biek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak