Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari Ikerne Zuluaga; Gipuzkoako Nekazaritza eta Landa Inguruneko zuzendari Xabier Arruti; Gipuzkoako Mendien eta Natura Inguruneko zuzendari Arantxa Aristimuño; Arabako eta Bizkaiko foru aldundietako ordezkariak, Mikel Biain, Oñatiko alkatea, eta Arantzazuko eskolako ordezkari Batis Otaegi izan dira, besteak beste.
Eskertza, artzantzaren alde egitearren
Hauez gain, Pedro Gabiria eta Ines Argarate, Legazkipo Makatza baserrikoak, eta Eskoriatzako Udala –Joserra Zubizarreta alkatea izan da ordezkari moduan– omendu dituzte artzantzaren alde egindako lanagatik.
Ines Argarateren eta Pedro Gabiria pozik agertu dira jaso duten eskertzagatik. Hala adierazi du Ines Gabiriak: "Inoiz ez duzu pentsatzen halakorik jasoko duzunik, eta oso pozik. Beti esaten dut artzantza ikusi egin behar dela, artegi batean, beste baten… eta denetan ikasten da zerbait, eta uste dut ikasleak baserrietara bidaltzea oso ona dela".
Joserra Zubizarreta Eskoriatzako alkateak, bestalde, adierazi du eskertza, Eskoriatzako Udalak beharrean, Asier Sagasta –Arantzazuko eskolako ikasle ohia– merezi zuela: "Asier Sagasta, Eskoriatzako amandria duen gazteak, proiektua bere baserrian garatzea pentsatu zuen, Eskoriatzan. Guretzat harrigarria izan zen, eta hasieratik ahal genuen laguntza guztia eman diogu. Arazo ezberdinak izan ditugu, izan ere, bere artegia parke naturaleko mugatan zegoela…, baina esan bezala, eskerrak Asierri guregan jarri duen konfiantzagatik".
Aurten, hiru debagoiendar
Hamaika ikasleen artean hiru debagoiendar izan dira ikasturte honetan: Julen Ibabe oñatiarra, Aitor Kortabarria bergararra, eta Txomin Alberdi antzuolarra.