Gipuzkoako Lurraldeko Txapelketako bi talde debagoiendarrak gogotsu kantxaratu ziren atzo, Labegaraietan. Lehenengo zatiaren hasieran indarrak parean izan ziren eta markagailuak ere horixe erakutsi zuen minutu askotan, hau da, berdinketa. Atsedenaldira iritsi aurretik, baina, bergararrek kontraerasoak ondo baino hobeto aprobetxatu zituzten golak egiteko eta lau goleko aldearekin joan ziren (15-11). "Baloia mozteko oso ondo etorri zaigu, gol errazak izan dira, eta gero gol horiek oxigenoa eman digute bigarren zatian", zioen bukaeran Andoni Monux jokalari bergararrak.
Nekea edo despistea, bigarren zatian, beheralditxoa izan zuen Soraluce BKEk. Eta hori aprobetxatu guran ibili zen Sesiñena Aloña Mendi: "Dena ematera etorri gara eta horretan jardun dugu. Estutu dugu eta azken hamar minutuetan ere ez dugu etsi. Baina eurak izan dira gehiago, ez dago besterik", adierazi zuen Aitor Biain jokalari oñatiarrak.