Badator Galdegazte: Bergarako Ipintza eta Josune Arakistain laugarren denboraldiko lehen saioan

Jokin Bereziartua Lizarazu 2018ko ots. 23a, 08:51
Mariñe Azkarate, Naroa Aranguren eta Lierni Errasti, Josune Arakistainekin.

Badator 14 eta 18 urte arteko ikasleak protagonista dituen Galdegazte saioa, eta, denboraldi berria gogotsu eta indartsu hasteko, Ipintza institutuko Mariñe Azkarate, Naroa Aranguren eta Lierni Errasti ikasleek Huntza taldeko abeslari eta trikitilari Josune Arakistain elkarrizketatu dute. Lehen saioa otsailaren 28an ikusi ahalko da Goiena telebistan, 21:30ean.

2017a urte ezin mugituagoa izan ostean, 2018ari begira lasaiago ibiltzeko asmoa dutela aurreratu du Arakistainek: "Kontzertu gutxi emango ditugunez sorkuntzan zentratuko gara, eta, ikusten badugu zer grabatu badagoela, grabatuko dugu. Presio barik". Euskal Herritik kanpo ere ari dira jotzen, "oxigeno apur bat" hartu eta beste publiko batzuei zabaltzeko; hain zuzen, martxoaren 9an Madrilen joko dute eta martxoaren 17an Parisen.

Euskarazko historiako bideorik ikusiena

Ikasleek, besteak beste, Aldapan Gora abestiak eragin zuen fenomenoa –euskarazko historiako bideorik ikusiena da, lau milioi eta erdi ikustalditik gora ditu-eta– nola bizi izan zuten galdetu diote: "Sorpresaz bizi izan genuen. Hasieran, kantuak sortu genituenean, gure inguruan geratuko zirela uste genuen... Baina Gaztea-n jarri zutenetik elur-bola gero eta handiagoa egin da eta, izan duen oihartzuna oso ongi etorria bada ere, sustoa ere eman zigun. Ez dago zure abestiekin jendea mugiaraztea baino sentsazio politagorik".

Ikasleekin batera platoan jotzen

Hainbat galdera egin ostean, eta elkarrizketa borobiltzeko, Arakistainek Huntzaren Iñundik Iñoare abesti ezaguna jotzen amaitu zuen ikasleekin batera. Hori guztia ikusteko aukera egongo da Goiena telebistan otsailaren 28an, 21:30ean hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak